Informatikari zerbitzu partekatua herri txikietan, Tolomendiren bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2016ko apirilaren 9a

Herri txikien behar komun bati elkarturik erantzuteko duten gaitasuna erakusten du informatikari partekatuaren zerbitzuak. Tolosaldeko 23 udaletxe eta zenbait mankomunitate eta elkarte sektoriali, Tolomendi-Tolosaldeko Landa Garapenerako elkarteak eskaintzen die zerbitzua.

Udaletxe txikietan ere herritarrei ahalik eta zerbitzu egokiena emateko ahalegina egunerokoa da. Horretarako, gaur egun, informazio eta komunikazio teknologien ezagutza edukitzea eta egunean egotea ezinbestekoa bihurtu da (administrazio elektronikoa). Gainera, legez, zenbait zerbitzu, telematikoki ematera behartuak daude.

Udalerri txiki bakoitzak bere informatikari-aholkulari propioa edukitzea ezinezkoa da. Eta ezintasun hau, aukera bihurtzen da, herriak elkarrekin ulertzen eta ados jartzen direnean eta komunekoa den arazo edo behar bati, batera, irtenbidea bilatu eta emateko pausoa eman dutenean.

Horixe da eskualdeko hainbat herri eta mankomunitatek egin zutena duela urte batzuk, Tolomendiren bidez teknikari-informatikarien zerbitzu partekatua jasotzen dutelarik. Gaur egun hiru teknikari ari dira lan horretan. Hala ere herri txiki banakako batzuk oraindik beren kaxa jarraitzen dute eta Tolomenditik, poliki-poliki hauek ere besteekin elkarlan honetan biltzeko ahalegina egingo dute.

Udaletxeetako ekipamendu informatikoen arazo teknikoak konpontzeaz gain, programa edo software desberdinen gestioa, web orrien mantenua, udalerriko IKT tresnen dinamizazioa eta teknologien gai zabal eta aldakor honetan, etorkizunera begirako ikuspegia izan eta aholkularitza lanak ere burutzen dituzte informatikariek.

Udaletxe bakoitzak bere beharren araberako zerbitzua jasotzen du, malgua eta gertukoa. Eta garrantzitsuena, bakoitzari gure aldetik ibiltzea gustatzen zaigun gizarte honetan, behar komun bati elkarturik erantzuteko gai direla frogatu dute herri txikiek, beste behin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!