Gipuzkoako Erlezain Elkartea erlauntzako produktuen dibertsifikazioa bultzatu nahian ekimen ezberdinak burutzen ari da produktu horiek ezagutarazteko. Igandean, otsailak 28, Topicen helburu horrekin antolatu dute hitzaldi sorta, Amaia Aierbe, elkarteko teknikariak azaldu duenez: «Eztia, adibidez, asko ezagutzen da, baina ez hainbeste polena edo propoleoa. Ez dugu jakiten zein propietate dituzten eta zertarako erabili daitezkeen»
Gehiago jakin nahi duenak ikasteko aukera izango du igandean Tolosako Topic aretoan. Kuban erlezaintzako produktuen erabileran esperientzia handia dute eta beraz, apiterapian aditua den Teresa Giral medikuak hartuko du hitza lehenengo. Ondoren, Eibarko Oreka zentroko Rikardo Arriola ariko da apitoxinaren inguruan eta Silbana Huegun dietistak erlauntzako produktuen nutrizio ezaugarriak aipatuko ditu.
«Ez ditugu zertan gaixo gaudenean bakarrik erabili behar. Egunero hartzeko ere produktu osasungarriak dira», dio Aierbek. 10:00etan hasiko dira hitzaldiak eta 13:30ak aldean amaituko da saioa. Sarrerak 10 euro balioko ditu eta gaian interesa dutenak gonbidatu dituzte elkartetik: «Erlezainak, naturistak, produktu hauek salduko dituztenak eta herritarrak oro har».