Tolosaldeko landa eremuaren garapenerako honako oztopoak identifikatu ditugu:
- Lehenengo sektorearen ahulezia bideragarritasun ekonomikoa lortzeko, besteak beste, lurraren arazoa, araudi zorrotzegien, komertzializazio arazoen eta balio erantsi gutxiko produktuak ekoiztearen ondorioz.
- Telekomunikazio sarearen garapen falta.
- Landa eremuko azpiegitura eta zerbitzuen mantentzerako udalen gaitasun ekonomiko nahikoa eza.
Tolosaldeko Programa Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Programa nagusian txertatzen da eta helburu estrategiko hauek jorratuko ditu:
- Ekoizpen sektorearen lehiakortasuna eta nekazaritzako elikagaien katean duen eginkizuna indartzea balio erantsia areagotuz.
- Enpresa jarduera berriak bultzatzea, enplegua sortzeko, biztanleria landa inguruneetan finkatuz.
- Landa eremuaren egiturazko defizitak zuzentzea eta herritarrentzako zerbitzuak hobetzea.
2020rako Tolomendiren ardatza «Baserri iraunkorrak, herri iraunkorretan» lortzeko pausoak ematea da, lankidetza, iraunkortasuna eta genero ikuspegia landuz.
Herri iraunkorrak esaten dugunean, elikaduran ahalik eta burujabeenak direnak bertan ekoizten denaren aldeko erosketa eredua lehenetsiz, energia autonomia maila handiagoa dutenak berriztagarrien garapenean oinarrituz, ekonomia lokalean oinarrituak, mugikortasun iraunkorra eta zaborraren kudeaketa iraunkorra dutenak eta azken finean herritarren bizi kalitate duina bermatzen duten herriez ari gara.
Baserriek iraun dezaten berriz, ekonomikoki bideragarriak, sozialki iraunkorrak eta ingurunearekiko errespetuzkoak izan behar dute aldi berean.
Tolomendiren egiteko nagusia datozen urteei begira Eusko Jaurlaritza eta aldundiarekin elkarlanean eta Tolosaldeko udal eta eragileekin batera, Landa Garapen Programa berria garatzeko ekintzen dinamizazioa, bitartekaritza lanak, zerbitzuen eskaintza, diru-laguntzen kudeaketa eta aholkularitza ematea izango dira.