Tolosako traineruaren argazki zaharrei begira

Erabiltzailearen aurpegia

2005 urtean ekin zion bere bideari Tolosaldeko Arraun Klubak. Bidean aurrera egin ahal izan du ordutik hona. Bidegurutze berri baten aurrean dago, baina bidea eginez egiten omen da eta urratsak emateko gogotsu daude.

Arraunak toletarekin dantzan sortzen duen orroa sintonia zaigu Tolosaldean. Estropuak autoen dekorazioaren parte ez ezik, eskualdeko gazteen kirol motxiletan ere hartu dute ostatua. Zerkausiaren magala arraunlarien bigarren etxea da eta Oria ibaia estropada eremu. Tolosako argazki turistikoenean batelak daude orain; argazki tipikoa zenean ez da horren atipikoa arraun ontziak ikustea.

Askorentzat gazte garaira itzultzea besterik ez da izango, zaharkitutako argazki haren berritze bat bizitzea. Tolosaldean eta bereziki Tolosan horren errotuta dauden elkarte gastronomikoen izenean paladak ematen baitzituzten askok eta askok duela berrogei urte inguru. Etxeko argazki bildumetan begiratuz gero, akaso topatuko dira garai hartako Oria, batelen deman: Aiz-orratz (Veleta garai hartako Tolosan) Emendeken aurka, Izaskun, Ibarra, Arkoiris, Lagun Onak, Olarrain…

Egutegian gorriz biribildutako eguna izaten zen ekainaren 24a. Eta ez soilik herriko festengatik, arraunaren tradizioaren oinarrian sanjoanetako batel estropadak baitaude. Izaskunekin nahiz Ibarrarekin arraunean aritutako Karlos Artolak kontatzen duenez, jende mordoa biltzen zuen hitzordu hark. «Hasieran sanjoanetarako soilik prestatzen ziren arraunlariak. Bi-hiru hilabetez buru-belarri entrenatzen ziren estropada horretarako. Apustuak barra-barra egiten ziren, diru asko jokatzen zen», azaldu du Artolak.

San Joan jaien aitzakian egiten zen estropadak soka luzea ekarri zuen gerora. Arraun taldeak Gipuzkoako ligaxkan hasi baitziren parte hartzen, baita Espainiako Txapelketan ere. «1983ko uholdeak bitarte hauspo handiko kirola izan zen arrauna Tolosaldean», azpimarratzen du ibartarrak eta gaineratzen du: «Urte horretan uholdeak izan ziren eta presa hautsi zen. Presarik gabe geratu ginen eta orduan hasi zen itzaltzen arraunaren garra». 1988. urtean antolatu ziren azkenekoz sanjoanetako estropadak.

Garai hartan Orian batelak sarritan ikusten ziren, baina bereziki duela hamahiru urtetik hona aldatu da argazkia. Berrogei urte atzera eginda arraunari tira eta tira aritzen ziren lagun horietako batzuk bildu eta gazte garaira itzultzeko saiakera egin zuten, berriz ere eskualdean arraun grina pizteko saiakera.

Atzera begira aurrera egiteko

Arraunlariek honela egiten dute arraunean, atzera begira.Atzera begira, aurrera egiteko. Eta Tolosaldeko Arraun Klubeko sortzaileak ere iraganari begira ekin zioten oraina marrazteari. Tolosaldean aspaldidanik zegoen arraun zaletasuna berreskuratzeko asmotan bildu ziren 2002an. Lehen konstituzio aktak dioenez Sabino Alijostes, Iban Ormazabal eta Iñigo Esnaola izan ziren sortzaileak.

Arraun grina pizteko asmotan, lehen urtean, 20 bat arraunlari bildu, tradizioari heldu eta sanjoanetako estropadak antolatu zituzten. Oria ibaiaren ertzean lagun ugari bildu ziren, ikusmina sortu zuen ekitaldiak.

Estropada horiek sortutako interesari bultzaka, asko eta asko hurbildu ziren «putzura» arraunean ikastera. Arraun zalea horiek 2002an elkartu ziren arren, hiru urte igaro ziren legeztatutako arraun elkartea sortu arte. 2005ekoak dira lehen eskriturak.

«Orduan hasi ginen arraunean erakusten, eskolak ematen», azaldu du Artolak, garai hartako TAKeko kide eta entrenatzaileak. «Segituan hartu zuen forma klubak. Neska-mutil ugari zeuden Tolosaldearen izenean han eta hemen arraunean. Ligaxketan parte hartzen hasi ginen eta emaitza txukunak lortzen, gainera», azaldu du entrenatzaile ohiak. Lehen bandera urte horretan bertan lortu zuten, 2005ean, klubeko emakumeek.

Presa puzgarria mugarri

Hasieratik Oria ibaian entrenatzen zuten, nahiz eta ibaiaren emari gorabeheratsua medio, sarritan Adunako presara joan behar izaten zuten. Itziar Saizar lehen uztako arraunlariak ondo gogoan ditu garai haiek: «Ibaian ibili ezin genuenean joaten ginen Adunara. Sarritan egiten genituen joan-etorri haiek». Ibaiak tarteka ez zuen apenas urik izaten. Hori konpontzeko oholak erabiltzen zituzten. Oholekin presa egiten ahalegintzen ziren, baina epe motzeko konponbidea besterik ez zen hura.

2009an presa puzgarria egin zen eta horrek «egoera asko aldatu» zuela aitortzen du Saizarrek. Arraunketarako ur maila metro bat igotzea ekarri zuen. «Baldintzak asko hobetu ziren». aitortzen du Saizarrek. Presak ez ezik, pixkanaka-pixkanaka atontzen eta forma hartzen joan zen Zerkausipea ere mugarri izan zen arraun kluba Tolosan errotzeko. Ontziralekuan lanak egin zituzten eta egun aldagelak, ergometroak, bizikletak, ofizina eta batelak gordetzeko espazioa ditu.

Zenbakietan ere gora

150. Zifra biribilduz gero horixe da egun Tolosaldeko Arraun Kluba zenbakitan. 28 udalerrietako arraunlariak biltzen dira egunero-egunero klubean; eta, eskualdeko herriez gain, badira Tolosaldetik kanpoko arraunlariak ere. Andoain, Leitza, Ordizia, Ormaiztegi eta Zaldibiatik ere etortzen dira klubera.

Salto kualitatiboa ez ezik, kuantitaboa ere eman du beraz TAKek. Lehen urrats horretan 20 arraunlari eta sei laguntzaile bildu ziren. Hamahiru urte beranduago 120 dira arraunlariak, 15 laguntzaileak eta 15 piraguan aritzen direnak. Izan ere, arrauna klubaren izenean eta erroan egon arren, arraunaz haragoko diziplinak egiteko aukera ere ematen du Tolosaldeko Arraun Klubak.

Baina klubaren funtsa arrauna da eta zenbakietan ere islatzen da urte hauetako guztietako lana. Aurten, Gipuzkoako Batel ligan16 estropada irabazi dituzte Tolosaldeko neska-mutilek: bost garaipen lortu dituzte infantil neskek, zortzi maila bereko mutilek eta hiru promesa neskek. Gipuzkoako ligako jardunaldietan lortutako garaipen sortaz gain, 3 bandera lortu ditu TAKek.

Gipuzkoako Ligan bi bandera eskuratu ditu, infantil mailan biak. Hirugarren Euskadiko Txapelketan iritsi zen, promesa neskek bandera astindu ahal izan baitzuten.

Horrez gain, Gipuzkoako Txapelketan eta Espainiako Txapelketan banderarik lortu ez arren, txalotzeko emaitzak lortu dituzte. Gipuzkoako Txapelketan lau domina eskuratu dituzte, zilarrezkoak lauak: infantil nesketan, infantil mutiletan, promesa nesketan eta jubenil nesketan. Espainiako Txapelketan promesa neskek podiumera igotzea lortu zuten eta brontzezko domina lepotik zintzilikatu zuten.

Erronka bat ate joka

Lehen etorkizuneko amets zena, egi bihurtutako ametsa da egun. Oraina da trainerua. Aurtengo denboraldian bateletan ez ezik, traineruen ur handietan arituko da Tolosaldeko Arraun Kluba. Dena den, Sabino Alijostesek azaldu duenez, «aurrera begirako proiektua da, etorkizunera begirakoa». Asmoa kimu bat sortzea da, eta pixkanaka-pixkanaka, ereindako hazi hori hazten joatea, gerora fruituak emateko.

Aurretik lehorretik trainerua itsasoratutako kluba da TAK. 2008an uretaratu zuen lehendabizikoz trainerua. Garai hartako tostatik arraunean jarraitzen duenik baden arren, gehienek arrauna ileak puntan jartzen dizkieten oroitzapenatzat daukate. Tolosaren izenean ur handitan arraunean aritu eta gero, Tolosaldeko klubak bat egin zuen Getariakoarekin, elkarrekin aurrera poparean joateko asmotan. Bide hark amaiera izan zuen, ordea. Baina TAKekoak ez. Tolosaldeko Arraun Klubak aurrera segi du. Aurten, berriz ere, argazki zaharrari hautsa kendu eta Tolosaldeko trainerua osatuko du.

DATA ESANGURATSUAK

2002. Arraun Kluba sortzearen ideiaz hitz egiteko lehen bilerak.

2002. Sanjoanetako estropadak 1930-1988 (Sabino Alijostes) liburuaren aurkezpena.

2005. Tolosaldeko Arraun Klubaren sorrera.

2005. Lehen bandera bateletan.

2008. Lehen trainerua lehian Tolosaren izenean.

2009. Presa puzgarria.

2009. Getaria-Tolosa trainerua.

2010. Ontziralekuko lanak eginda, TAK-en egoitza prest.

2018. Trainerua TAK-en izenean.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!