TAKeko neskak, Euskadiko txapeldun

Promesa mailako neskek Euskadiko Txapelketa irabazi dute Legutioko uretan, eta Tolosaldea Arraun Klubeko beste bi talde podiumeko hirugarren postura igo dira.

Joan den astean lau domina eskuratu zituen Tolosaldeko Arraun Klubak Gipuzkoako Batel Txapelketan. Asteburu honetan, berriz, hiru domina lortu dituzte Euskadiko Txapelketan, horietako bat urrezkoa.

Janire Izagirre, Irati Lizeaga, Izaro Arregi, Laiene Gil, Marta Rudel, Iraia Lopetegi eta Laiene Izagirrek osatutako taldeak, hain zuzen, promesen mailako estropada irabazi du. 04:46,67ko denbora behar izan zuten estropada eremu osoa zeharkatzeko; bost segundo gehiago behar izan zituen Kaikuk, eta sei Oriok.

Nesken jubenil mailan, brontzezko domina jantzi zuten eskualdeko arraunlariek. Pasai Donibane Koxtape izan zen azkarrena, Kaikuri sei segundoko tartea aterata. TAK 17 segundora helmugaratu zen.

Brontzezko bigarren domina infantil mutilek eskuratu zuten. Eta aldeak ikusirik, izan zitekeen zilarrezkoa, edo izan zitekeen urrezkoa. Final estua jokatu zuten, eta azkenean Orio izan zen garaile. Bermeo 76 ehunenekora sartu zen helmugara, eta eskualdeko taldea bi segundo baino gutxiagora. Lastima.

Hiru talde hauek Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburuan, Meire-Moañan, Galizian.

TAKeko beste hiru ontzik ere lehiatu zuten txapelketa, baina ez zuten finalerako txartelik lortu. Kontsolazio estropadan, lehen postuan amaitu zuten infantil neskek, Kaiku eta Artibairi bi segundoko tartea aterata. Kadete neskek laugarren egin zuten, eta absolutu mailakoek, berriz, bigarren, Ur Kirolaken atzetik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!