Banderarik ez, baina lau domina eskuratu ditu TAKek Gipuzkoako Batel Txapelketan

Argazkiak: TAK

TAKek txapelketara aurkeztu zituen zazpi ontziak finalerako txartela lortu zuten, eta lau taldek zilarrezko domina irabazi zuten: infantil neskek, infantil mutilek, kadete neskek eta jubenil neskek.

Zazpi talderen presentzia izan du eskualdeak Gipuzkoako Batel Txapelketan. Ligan bi bandera lortuta joan zen TAK Pasai Donibanera, txapelketan ere banderaren bat lortzeko esperantzaz. Ezin izan zuten, ordea, garaipenik lortu. Baina aurkeztutako zazpi taldetatik lauk podiumean amaitu zuten, zilarrezko domina eskuratuta.

Infanfil mailan, neskek nahiz mutilek jantzi zuten domina. Bi taldeek Orio izan zuten aurretik, bai larunbateko sailkapen jardunaldian, baita igandeko finalean ere. Nesken kasuan, lau segundoko tartea izan zen bi taldeen artean larunbateko estropadan, eta ia seikoa igandekoan; mutiletan, berriz, ia denbora bera egin zuten lehen proban, baina finalean kostaldekoek hiru segundoko aldea atera zieten tolosarrei. San Juanek jantzi zuen brontzezko domina bi multzo hauetan. Ziabogarik onenaren saria TAKeko Maialen Amundarainentzat izan zen.

Kadete nesken mailan ere Oriok 'lapurtu' zion urrezko domina eskualdeko taldeari. Bi jardunaldietan bi segundoko tartea izan zen bi taldeen artean. Mutilek, berriz, laugarren egin zuten, San Juan, Orio eta Zumaiaren atzetik, 17 segundora.

Jubenil neskek lortu zuten laugarren domina TAKentzat. Bigarren amaitu zuten, San Juanen atzetik. Larunbateko estropadan sei segundoko tartea izan zen bien artean, igandean, berriz, 19ra igo zen. Oriok osatu zuen podiuma. Mutilek laugarren egin zuten. Getaria, Zarautz eta Orio igo ziren podiumera, eta eskualdeko arraunlariak oriotarrengandik –hirugarren– 27 segundora geratu ziren.

TAKeko zazpigarren taldea senior neskena izan zen. Maila honetan San Juan izan zen garaile, Hibaika eta Ur Kirolaken aurretik. Laugarren amaitu zuten eskualdeko neskek, pasaitarrengandik 29 segundora.

Asteburu honetan Euskadiko Txapelketa jokatuko da, Legutioko uretan, eta bertan izango dira talde hauek guztiak. Larunbatean, 16:30etik aurrera sailkatze estropadak jokatuko dira; igandean, berriz, finalak izango dira 11:00etatik aurrera.

 

Argazki gehiago

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!