Asteburuan Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldia jokatu da, Getarian. Guztira bederatzi estropada jokatu dituzte –beste bi ere baziren egutegian, baina eguraldiagatik bertan behera geratu ziren– eta puntu guztien batuketa eginda, infantil mailako nesken eta mutilen bi taldek Liga eskuratu dute.
Asteburuko estropadan infantil mutilek eman zioten TAKi garaipen bakarra. Oriori ia bi segundoko tartea atera zion eskualdeko ontziak. Bigarren taldea, berriz, laugarren izan zen, minutu erdi pasatxora. Infantil neskak garaipena lortzetik bost segundora geratu ziren, eta oriotarrak izan ziren azkarrenak. TAKeko bigarren taldea 8. izan zen, minutu batera.
Alebin mailan ere garaipena lortzetik bost segundora izan zen Tolosaldeko nesken B taldea. Hemen ere Orio izan zen onena. Beste bi talde ere izan dira lehia horretan, horietako bat zazpigarren sailkatu zen eta bestea 14. postuan. Mutilen sailkapenean, berriz, 10. eta 13. izan ziren TAKeko bi taldeak.
Jubenil nesken mailan ere bi talde zituen TAKek. Horietako talde batek bigarren egin zuen, San Juan baino 12 segundo gehiago behar izanda; bigarren taldea laugarren izan zen, ia minutu batera. Mutilen bi taldeak, berriz, bosgarren eta seigarren izan ziren. Zarautz izan zen garaile maila horretan, eta 40 segundotik gorako tartea atera zien eskualdeko bi taldeei.
Azkenik, emakumezkoen absolutu mailan, bi talderekin hartu zuen parte TAKek. Lehen taldeak hirugarren egin zuen, San Juan eta Ur Kirolaken atzetik. Bestea bosgarren sailkatu zen.
Bi liga, eta lau podium
Batel Ligako jardunaldi guztietako puntuak batuta, eskualdeko bi taldek puntuazio onena lortu dute. Infantil mailan izan da. Nesken lehen taldeak sailkapenaren lehen postuan amaitu du liga, 60 punturekin, Oriorekin berdinduta. Eskualdeko arraunlariek lehen postu gehiago lortu dituztenez, azken garaipena poltsikoratu dute. Bigarren taldea zazpigarren izan da, 20 punturekin.
Mutilen mailan lortu du TAKek bigarren bandera. 111 punturekin irabazi du liga, Oriok baino bost gehiago pilatuz. TAKeko bigarren taldeak ere podiuma zapaldu zuen, 94 punturekin hirugarren amaitu baitu. Hirugarren taldea 12. izan da sailkapen nagusian.
Arratsaldean, furgoneta eta autobuseko bozinak joz iritsi ziren arraunlariak herrira. Honela eman zioten lorpenaren berri herriari:
Bi bandera ekarri ditugu herrira eta honela eman diogu herriari horren berri! AUPA TAK! @TolosaldeaKirol @tolosaldeataria @28kanala pic.twitter.com/iQUJkjNkAl
— TAK (@TAK_arraun) 2018(e)ko apirilak 8
Nesken kadete mailan ere emaitza bikainak lortu ditu TAKek: lehen bi taldeek podiumeko bigarren eta hirugarren lekuak eskuratu zituzten, 134 eta 132 puntu eskuratuta. Orio izan da onena maila honetan, 150 puntu pilatuta. Mutilek, berriz, 6. eta 13. postuan amaitu dute liga.
Jubenil neskek lortu dute laugarren podiuma: lehen taldeak zilarrezko domina lortu du. San Juanek irabazi du maila honetan, 56 puntu bilduta; eskualdeko arraunlariek 45 puntu eskuratu dituzte; bigarren taldeak, berriz, laugarren egin du 26 punturekin. Mutilak 6. eta 7. izan dira, baina podiuma eskuratzetik gertu izan dira.
Senior mailan, berriz, nesken bi taldeak bosgarren eta zazpigarren izan dira, 74 eta 39 puntu eskuratuta.
Asteburu honetan, berriz, Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatuko dute, Pasai Donibanen. Larunbatean kanporaketa estropada jokatuko dute, eta finalak igandean izango dira.