Miguel Angel Cañamero 2015eko urtarriletik da Koru Nazionaleko zuzendaria, eta Budapesten eta Vienan bizitzen eta ikasten egon ondoren, egun Madrilen bizi da. Bere burua ez du zuzendari etiketarekin definitzen, etengabe eboluzionatzen ari den eta garatzen jarraitu nahi duen musikari modura baizik. Musika «gu guztiok baino azkarragoa eta argiagoa» den zerbait bezala definitzen du. «Askotan zuzendariok musikak agertzen dituen adierazpenak behartu nahi ditugu, musika berrinterpretatzen saiatzen gara prozesua behartuz; baina, sinpleki, partitura bat irekitzean musika hortxe dago, berak ematen dizkizu nondik norakoak zein argibideak. Beraz, honen guztiaren kontra egiten duen orok naturalki agertzen denaren aurka egiten du. Musikaria den edonoren abiapuntu izan beharko luke honek guztiak. Apaltasunetik eta errespetuz, gauza berriak ezagutzeko helburua duen edonork ez du mugarik izango».
Koru-musikaren inguruan, berriz, askotan «ahaztu» egiten den arren, taldean zein elkarren artean egiten den musika dela nabarmendu du Cañamerok. Sozialki landu behar den gaia dela dio; «koruek eta zuzendariek elkarren beharra dute, koruak zuzendari bat behar du eta zuzendariak korua, bestela, nola egingo luke zuzendariak musika?».
Musikari eta zuzendari modura, pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera izan duela azaldu du. Aurten, esaterako, estreinakoz izan da Tolosan, Abesbatza Lehiaketan. Nazio mailako zein nazioarteko hainbat lehiaketatan kantatu zein epaimahaikidea izateko aukera izan du, eta «gogo handia» zuela Tolosako Lehiaketa gertutik ezagutzeko: «Budapesten ikasten nuenean, bertako korurik onenak etortzen ziren Tolosara, baita Vienan nengoenean ere. Tolosako Abesbatza Lehiaketa munduan kokatua dago, bost kontinenteetako abesbatza onenen topagunea izan da, nire kide zein lagun ditudan asko eta asko igo dira Leidorreko oholtza gainera eta gauza asko kontatu dizkidate, beraz ongi prestatua etorri naiz». Hitzez agertu daitekeena baino gehiago izan dela Tolosa esan du: «Musikarekiko maitasuna gailentzen da leku guztietatik, haize berria eta freskoa nabari da oholtza gainean, etorkizuna badagoela, badatorrela eta izaten ari dela, poztasuna eta lasaitasuna sentitu dut», dio Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariak, esku bat bihotzean jarrita.
Tolosako Abesbatza Lehiaketak ispilu aurrean jarri izan balitz bezala sentiarazi duela esan du: «zorionez zein zoritxarrez, musikak biltzen dituen zirkulu oso profesionaletan aritzen garenoi batzuetan ahaztu egiten zaigu egiten dugunaren arrazoia; emozioa eta sentimendua galdu ohi dugu, ohiko bilakatu delako gure lana, guztiz alde batera utziz hasieran musikarekiko genuen maitasun hori. Tolosako Abesbatza Lehiaketan, hasierako emozio eta sentimendu horiek gailendu direla nabaritu dut: taldeen lana eta indarra agertzeko nahia, koru zein zuzendari bakoitzaren historia, Tolosara iristeko egin behar den lan guztia».
Tolosako Abesbatzen Lehiaketatik zer eramango duen galdetuta, «emozioa» nabarmendu du. «Aurrera egiteko indar baten modura, energia dosi handi bat. Hainbeste jende, eta horien artean gehienak gazteak, maite dutena egiten ikusi eta entzuteak betetzen nau, bakoitzak bere folklorea eta kultura ekarri du munduko agertoki honetan eskaintzeko. Eta guk nolako zortea euren lan guztia entzun eta jasotzeko aukera izateagatik. Orain, benetan gogotsu itzuliko naiz egunerokotasunera, maite dudan hori egitera».