«Lehen ikastaro haren amaieran elkar agurtzen hasi ginenean, jendeak zer sentitu zuen agertu zigun begiak dir-dir zituela, eta eskerrak eman zizkiguten. Guretzako begirada, besarkada, sentimendu, emozio eta esker on hitz guzti haiek izugarriak izan ziren, energiaz bete gintuzten eta aurrera jarraitzeko beharra sentitu genuen", azaldu du Elena Correcherrek, Tolosan Abesbatza Lehiaketaren testuinguruan egin dugun hitzorduan.
Cantate Mundi Elkarteko jardueretan maila guztietako jendeak hartu ohi du parte, orokorrean jende heldua izanik. Egun, amateur hitza erabiltzen da askotan koruak definitzeko orduan (jarduera ez-profesionaletarako erabiltzen den hitza), eta Cantate Mundi kideek ere hala definitzen dute euren burua. Orokorrean denek abesten zutela apur bat diote, baina abesbatza zuzendari gonbidatuen bidez; Madrilgo JP de Juan, Javi Busto, Josu Elberdin, eta abarrekin, ahots-teknika zein musika egiteko modua aldatu eta hobetzen joan ziren. Hala ere, elkarrekin kantatzen zuten bitartean disfrutatzea izan dute beti helburu, jendearekin momentuak elkarbanatzea, konektatzea eta emozionatzea koru-musika horretarako erreminta bat izanik. «Arteak, musikak emozioak sorrarazten dizkizu barnean, baina subjektiboa izan daiteke. Horregatik da guretzat hain garrantzitsua emozio guzti horiek elkarbanatzea, horrek egiten baikaitu aberats», esan du Correcherrek.
Egun, Cantate Mundi Elkarteak hainbat atal ditu bere barnean, hala nola: korua edo abesbatza Coro Cantate, elkarrizketa zein hitzaldiak partekatzen dituen El atril bloga (honen helburua zuzendariengana mahai inguruko hitzaldietan hurbiltzea da), Cuore atala (nahiz eta pandemiagatik apur bat alde batera utzia izan, alde psiko-soziala lantzen duena), Cathedra FormacioĢn (euren kantu zein musika konpetentziak lantzen jarraitu nahi dutenentzat) eta elkarrizketa, grabazioak zein irteeren sailak ere badituzte.
«Giza-harremanak zaintzea atsegin dugu. Batzuetan, mundu profesionalean ahaztu egiten ditugu. Gu egun, lagunak gara. Lagunak lagunekin maite dugun zerbait egiten», dio Bernik, Cantate Mundiko kideak. Jarraian, Juliok hauxe gehitu du: «Urte guzti hauetan denetarik partekatu dugu, milaka zorion irri, baina baita penak ere. Orain jada ez dauden pertsonekin momentuak partekatu izanak asko hunkitzen zaitu».
Musikaren alde hunkigarri honetaz aritu ondoren, nola egin zuten topo Tolosako Abesbatzen Lehiaketarekin galdetu diegu, eta Elenak ondorengoa erantzun digu: «Orain dela asko zuzendaria eta konpositorea den Javi Busto ezagutzean eta laguntasun luze baten ostean, bere biografia idazten hasteko Javi berarekin kontaktua izan zuten euskal koru-musikako jendearekin jarri nintzen harremanetan, horien artean J. Elberdin, E. Ugalde, J. Gerrero, D. Azurza edota X. Sarasola. Baita Antxon Elosegirekin ere (Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren sortzaileetako bat). Hark, ordea, Javiren biografia ezin nuela idatzi esan zidan Tolosako Abesbatza Lehiaketa inoiz ezagutu eta egon gabe. Eta hala etorri nintzen lehen aldiz».
Correcherrek dio bizitzan bizi izan duen esperientziarik politenetakoa izan zela, hainbeste koru hain maila handiarekin abesten ikustea, hizkuntza guztietan, euren musika eta kulturak agertuz. Hemen bizi izan zuenarekin bihotza bete-beteta joan zela etxera dio. Horren ostean, Cantate Mundi Elkarteak espedizio modu baten antzeko zerbait egin behar zuela Tolosara pentsatu zuen, guztia ezagutu eta partekatzeko.
Cantate Mundiko kideek jada urte mordoa daramatzate Tolosako Abesbatzen Lehiaketara etortzen, eta oraindik lehen egunean bezala emozionatzen direla azpimarratu dute guztiek: euskal koru-musika konposatzaileen obrak ezagutzen, munduko koru ezberdinen musikak eta hain maila altua, koru bakoitzaren agertzeko modua eta euren diziplina, eta abar.
Aurtengo edizioan ere gogotsu dabiltza Tolosan, euren sentipenak eta emozioak partekatzen lehiaketako saio ezberdinetan, nork irabaziko duen jakiteko gogotan maila handi honen atarian.