Hasi da, abian da jada abesbatza musikak urtero Tolosan izaten duen zita garrantzitsua, Tolosa mapan kokatzeaz gain, euskal kultura mundura zabaltzen duen ekitaldia.
Bigarren saioan, Chinako Shanghai Rainbow Chamber Singers, Filipinetako Musicalipa (J.D. Rezabaren zuzendaritzapean) eta Euskal Herriko Suhar korua (Esteban Urzelaien zuzendaritzapean) izan ditugu. Errepertorio nahiko garaikideak gailendu dira hiru koruen artean. Horrek konposatzaile ezberdinak zein haien estiloak ezagutzeko aukera emateaz gain, abesbatzek errepertorio zein estilo ezberdinetara egokitzeko duten trebezia agertzen dute.
Orokorrean, errepertorio aukeraketa onak izan direla azpimarratu dute Eva Ugalde eta Junkal Gerrero konposatzaileek elkarrizketa egin diegunean. «Irizpide oso ezberdinak izan daitezkeela esan genezake errepertorio aukeraketa ematen denean. Programa txarrik ez dago. Azken finean, denek bilatzen baitute aniztasuna edo dibertsitatea obra ezberdinen artean: edozein dinamika, tempo zein bestelako erregistrotan lehiatzeko gaitasuna», azaldu du Ugaldek.
Polifoniako lehen atalean, Jon Saenz euskal konposatzaile gaztearen Lux Aertena izan dugu entzungai, aurten polifoniako atalean obra behartua delarik. «Tolosako abesbatzen lehiaketa aukera izugarria da errepertorio ezberdinak ezagutzeko. Askotan entzun ohi dugu antzinako musika, baina oraindik deskubritzeko asko dugu. Aurten, Jon Saenz, bertakoaren obra entzuteko aukera izan dugu, hala hainbat bertsio bilduz interpretatu den bakoitzean modu ezberdin batean aditu ondoren», esan du Gerrerok.
Euskal Herritik, bertatik bertara izan dugu Suhar Korua aurpegi ezagun askoz betea. Suhar abesbatza Euskal Herriko hainbat koru aitzindaritan abesten aritzen diren gizonezkoen 40 ahotsek osatzen dute, egun EHGAko zuzendaria ere baden Esteban Urzelairen zuzendaritzapean. Folklore atalean, euskal konposatzaileen obrak aukeratu dituzte, horien artean, E. Mocoroa, F. Madina, lehiaketako epaimahaikide den X. Sarasolarenak eta orain dela gutxi utzi gaituen Idoia Azurmendi-ren Itsasoa ari zait. Azken hau abestean, muxu bat zerura bidaltzeko keinuarekin amaituz. Suhar Koruak kantu herrikoiak nabarmendu ditu, euskal tradizioko doinuak leku gorenetara eraman nahirik, gizonezkoek antzina osatzen zituzten otxoteetatik harago.
Ugaldek ea Gerrerok geroz eta ohikoago bilakatzen ari den joera nabarmendu dute : «Egun, geroz eta arruntago ari da bilakatzen ahots berdinen koruak (gizonezkoen edo emakumezkoen ahotsak soilik) topatzea, horrek aberastasun handia eskaintzen baitizu. Bada ahots berdinentzako literatura handi bat idatzia eta abestu ezean, oroimenean galduko direnak. Honek, bigarren aukera bat ematen die katalogo horiei, baita gaur egun kantatzen diren obra ezberdin zein konposatzaileekin esperimentuak egiteko aukera».
Hurrengo egunetan, herrialde ezberdinetako ahotsak lehiatzen entzuteko aukera izango dugu mundu osoan abesbatzen agertoki den Tolosako Leidor antzokian, igandean sari banaketa izango dugularik. Beraz, zalantzarik ez izan eta hurbildu agertoki berezi honetara.