Beste behin, ospakizun handi honen amaierara iritsi gara, Leidor antzokian agurtu dugu sari banaketarekin batera aurtengo 53. edizioa, bikaina zentzu guztietan. 

Lehiaketan nabarmendu diren koru zein abesbatzek saria jaso zuten atzo, sariarekin batera obra bat interpretatu zuten. Epaimahaiaren ustetan maila bikaina azpimarratu da lehiaketan, kategoria guztietan eta txalotzekoa da hori.

Ekitaldia ikuslegoaren sariarekin hasi zen, txapela Ukrainako Sofia Chamber Choir abesbatzarentzat izan da, O. Shamrytskyi-ren zuzendaritzapean. Abesbatza honek helduen lehiaketako beste kategoria guztietako lehen sariak irabazi ditu baita Leidor antzokiko ikusle guztien txalo zaparrada, eta honenbestez, txapela guztiak etxera eramango ditu: polifonia atalekoa, folklorekoa, lehen aipatutako ikuslegoarena eta Kutxa Sari Nagusia zein 2023ko abesbatza-kantuaren Europar Sariketa Nagusirako izendapena.

Bestalde, Estoniako Ellerhein Girl’s Choir abesbatzak, I. Korvits-en zuzendaritzapean, Eusko Jaurlaritzaren Saria irabazi du, euskal abesti baten interpretazio onena egiteagatik.

Helduen lehiaketako kategorian Esloveniako St. Stanislav Girl’s Choir abesbatzak polifonia zein folklore atalean bigarren saria lortu du. AEBko Brigham Young University Singers abesbatzak polifonia atalean hirugarren saria eta folklore atalean, berriz, bigarrena –Esloveniarrekin elkar-banaturik–. Azkenik, Folklore atalean Letoniako Mixed Choir Maska abesbatzak jaso du saria. 

Horrez gain, aurten berriz heldu zaio haur-abesbatzen lehiaketari eta kategoria honi ere, merezi duen goraipamena eskaini behar zaio. 

Lehen saria eta txapela Letoniara joan dira Riga Cathedral Girl’s Choir Tiara abesbatzarentzat izan baitira, koloretsu jantzitako neskek saria jasotzerakoan goxotasunez eskaini zizkiguten beraien bi obrak Aira Birzina-ren zuzendaritzapean.
Bigarren saria Suediako Adolf Fredrik’s Girl’s Choir abesbatzak irabazi du, euren jantzi tradizionalak soinean, obra garaikide zein goxo bat interpretatu zuten Fredrik Winberg-en zuzendaritzapean.

Azkenik, hirugarren saria Kataluniako Veus-Cor Infantil Amcs de la Unió abesbatzarentzat izan da, Josep Vila Jover-en zuzendaritzapean. Zuriz zein alpargata koloretsuak soinean, beraien ohikoa den Songs of Hope obra interpretatu dute, eszenografia eta dantzarekin batera.

Ostiralean inauguratua, larunbatetik astelehenera bizi zein sentitua eta gaur amaitua. Amaitu da Tolosa, euskal kultura eta hizkuntza mundura zabaltzen dituen fenomeno berezi hau, Tolosako Abesbatzen Lehiaketako 53. edizioa.  Beste 360 egun itxaron beharko dira 54. edizioa lehertu dadin, bitartean egun hauetako bizipenekin egingo dugu aurrera eta egunak kontatuko ditugu fenomeno eder honen zain. 

Shrabani Aranzabe, Musikaria eta Musikeneko zein Musikologiako ikaslea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!