Kale Kantoitik

Ofrenda txiki bat

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko aza. 23a, 12:35

Ez dakit hau oparitzat hartu daitekeen, baina zuri eskaini nahiko nizuke gaur hemen esango dudana. Ofrenda txiki gisa, edo aitorpen modura agian.

Ez dizut esango elkar ezagutu genuen gau hartan bat-batean amodioaren tximistak jo ninduenik, egun hartako maitemina erakarpena izan baitzen ziurrenik eta ez maitasuna. Baina zer axola dio horrek! Erromantizismoaren topikoek ez digute ederki ematen nolanahi ere. Norbait maitatzea, batzuetan, hartutako burubidea ere izan daiteke. Bada, zu maitatzea aspaldi erabaki nuela uste dut. Zoriz (eta ez patuaren indarraz) topatu ginen arte, laranja baten erdi osatugabea ginenik ere ez dut uste. Txukuntze prozesuan dauden txalupa bi beharbada, itsasargi honen gerizpean nabigatuz. Ez dut betirako maitasunaren izenean zinik egingo, ez baitut uste gure esku egongo den erabakia denik. Itxaropen ase ezinak uxatuko ditudala eta maitasuna zurekin eraikitzen, zaintzen, jarraituko dudala diotsut ordea. Baita sortu dugun harreman ona mantentzeko eta hobetzeko konpromisoa hartu ere. Ez zaitut pertsona perfektuaren idealarekin neurtuko; ez baitut perfekzioarekin harreman bat nahi, zurekin baizik. Ez zara urdin kolorekoa, zorionez, ezta printzea ere. Baina ez dut Letizia Ortiz berdintzeko gurarik, lasai. Xaloagoa den norbait aukeran nahiago. Zutaz gain pertsona gehiago maitatzen ditudala ere aitortu behar dut. Nire bikotekide izateko esklusibotasunaren ohore zalantzagarria zurea den arren.

Badakit orain arte esandako guztiak filmeetako maitasun aitorpen kartsuen alboan nahiko gatzila dirudiela. Baina ofrendek sutsuak baino, zintzoak behar dute izan. Zintzoki diotsut beraz, baietz, maite zaitudala. Zure azaleko tankeraz gain, zure barneko kobazuloetan barrena miaketa-misioan joaten uzteagatik. Nire kaosaren barrena espeleologo lanetan sartzean, aurkitutakoak aurkitu eta gero zure mugikorrean 1-1-2 zenbakiak ez zanpatzeagatik. Maite zaitut! Aho biziegia dudan arren belarria beti prest duzulako. Zure paparraren kontra estutzen nauzunean osatu egiten nauzulako. Zure muxuek diotenarengatik. Hainbeste arrazoirengatik eta zergatirik gabe maite zaitut.

Horixe da ba, errudun honen aitortza. Koloreetan, gora-behera guztiekin, eboluzio konstantean maite zaitudala. Baina, zein ote naiz ni maitasunaz aritzeko? Maitemindurik dagoela dioen txoriburu bat besterik ez. Horrelako hitz potoloak ikus-entzunezko medioetan erabiltzeko behar den kategoria ez dudanaren susmoa dut. Ez behintzat sona handiko norbaiten aipurik gabe... Beraz, axola ez badizu horren gustuko dudan Nick Caven kanta hori aipatuko dut amaitzeko: jainko esku-hartzaile bat denik sinisten ez dudan arren, sinistuko banu belaunikatuz eskatuko nioke zuri dagokionez esku ez hartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!