Kale Kantoitik

Oda nerabezaroko Alosiari

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2018ko urt. 19a, 14:06

Zeinen oroitzapen bizia, eskuarteko opari hura. Plastikozko karkasa hartan gordea, zutaz izan nuen lehen berria. Soinu berrien eztanda, ahots goxo baten indarra, tinpanoetatik barnera barreiatu zinen eta burmuina astindu zenidan.

Irratiko formula finkoen ordainpeko autobidetik haratago begiratuarazi zenidan, errepide nazional eta bidezidorren makurdurak baliosten hasi nintzen. Doinu haien uhin luzeeraren neurrira eraiki nituen arratsalde, gau eta asteburu ugari. Urteen joan-etorrian nonahiko babesleku gotortua izan zinen.

Zentzumen batetik bestera saltoka, begietatik ere sartu zitzaidan zure tankera. Ahotsez bezela itxuraz goxoa zein indartsua zinen. Une bakoitzean izan behar nuena izateko baimena emanez aurkezten zinen gure aurrean, dikotomia iraunkorrean. Gizon sortzaile tribu baten emakume buruzagia, Pavarottiren neurriko abeslariei tokaz egin zenien. Neska gazteei aurrea hartzeko baimena emanez. Ahabiaz egindako betaurrekoak jantzi zenizkigun, ikuspuntu ezberdinak sumatzeko gai izan gintezen. Zombiak izan ez gintezen, animali senak bultzatutako jokabideak ulertu genitzan.

Aste honetan itzalik gabeko norabaitera aldatu zarela jakin dut. Sentsazio arraroa izan da inoiz ezagutu ez dudan gertuko lagun baten galera, zaila honen eta hitzen arteko distantzia gainditzea. Baina beste behin, sorotsi nauzu. Etorri handiko musa, zure kantuen poesiaz azaldu zenuen aspaldi gaur nik adierazi nahiko nukeena:

'Heldu nazazu eskutik, hondoratzen ari naizela sentitzen dut,

zu gabe hondoratzen.

Eta nire buruak dio, dena ustela dela,

zu gabe dela ustela.

Eta gauean, babesgabe nengoke,

bakardadean nengoke, zu gabe oheratzean.

Egunez berriz, korapilatsua da dena,

ez dago sinplea denik, zure inguran ez banago.

Zure hutsunea sentituko dut falta zarenean,

hori da egingo dudana. Ei, neskato!

Eta aurrera egingo du,

hori da egiten dudana. Ei, neskato...'

Bularrean jasotako kolpeek airerik gabe uzten gaituzten une infinitu horretan zintzilik banago ere, zuk esan bezela, aurrera egingo du denak. Baina kalean entzungailuak jarri eta 'play'ari ematean, zure kantuen argiak nire atomoak nahaspilatuko ditu. Eta lurrean proiektatuko den itzalak zure forma izango du. Baita Ibaiek autoan goazela zure CDren bat jartzen badu, edo Amaiak gitarra jotzean 'Animalia sena' abesten duenean. Zureganako txundidurak gerturatu zidan beste askorengana, edertasun beraren bila. Zureganako txundidurak bultzatu zidan hizkuntza berri horren itsasoan gogoz nabigatzera. Beste hauek entzutean ala ahotan hitz arrotz horiek izatean ere, hemen izango zara.

Nigan zara orain, gugan zara. Beraz eskerrikasko, eta laster arte Dolores.

 

Goian Bego Dolores O'Riordan

Nire gaztaroko musa, behin-betiko gotorlekua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!