Pasahitza (zaharra)

Ama!

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko azaroaren 23a

Bada jakingura izugarria sortzen didan fenomeno bat. Zinematik filmak bukatu aurretik irteten den jendearena. Ez al dira amaitu gabe utzi duten film horren bukaera zein ote den pentsatzen geratuko? Alde batetik euren ausardia puntua jelosten dut... Baina erruki natzaie, amaiera harrigarri pila galduko baitituzte. Orain dela gutxi Leidor aretoan proiektatu den Mother! filmarena bezela.

Arte lan surrealista fin bat da Mother!. Rorschachen test bat metrajez mozorrotua, bakoitzak buruan duen kezken arabera neurtuko duena. Film arruntak bezela kontsumitu ezin litekeena. Behin bakarrik ikusita guztiz ulertu ezin dena, baina nekez ahaztuko duguna. Esperientziak aretotik atera ostean ere dirau, amesgaizto baten erdian esnatzen gaituztenean bezela: irudi batzuk begi atzean geratzen dira, azala blaitzen digute.

Amesgaizto hontan guk, gizarteak, gure burua ikusi dezakegu: erlijio abrahamikoak itsu-itsuan jarraituz, gure amaren etxea arduragabetzen. Eta honen ondorioak pairatzen ere. Lasai, ez dizuedala amaiera zartatuko! Spoilerrik ez Atarian! Baina film hau ikusi ezazue arren, eta gozatu. Landu zuen irudipena, onartu sortzen dizkizuen sentsazioak. Emozioak. Eta hausnartu: Naturaren, erlazioen, elementu sakratuen... inguruan. Fanatismo erlijiosoa eta lehorteak albistegiak betetzen dituzten honetan, nire hausnarketa honakoa izan da: Gu hilen garela, baina gure amaren etxeak iraunen duela zutik.

Defendatu dezagun gure Ama! lurra. Areto hau izan dadila filma amaitu aurretik utziko dugun bakarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!