Amonak txurro-denda batean egiten zuen lan, Beotibar pilotalekuaren aldamenean. Eta txiki-txikitan bisitan joaten nintzen bakoitzean txurro sorta bat oparitzen zidan, banatzeko. Beti.
Umetan eskolan izandako irakasle bat datorkit burura maiz. Larraitz. Bost edo seigarren mailan gure tutora izandakoa. Bihar kalean gurutzatuko bagina behar bada ez nukeen ezagutuko, baina ezin ahaztu berarekin hainbat aldiz klasean egindako ariketa bat: gelakide guztien artean istorio bat eraikitzen genuen. Bakoitzak esaldi pare bateko ekarpena egiten zuen, 31 esaldiz abentura bat osatuz.
Nerabe ipurtarin batzuk ginela Ane eta Belen izeneko beste bi irakasle izan genituen. Gaztelania eta literatura erakargarri egiten saiatu ziren: juglare-poesia, Maitasun Onaren Liburua, Zelestina, Quixote eta abar gurekin lantzea bai balentria. Mantxako kaparearen ainakoa. Irakurritako kapituluen inguruko azalpenak eman aurretik gure arteko eztabaida bultzatzen zuten. Honako metaforak zer esan nahi ote duen, soineko berdeak (ai!) zer adierazten duen, gertakariak testuinguruan kokatzen eta irakurketa kritikoa egiten ikasten hasi ginen beraien eskutik.
Batxilergo eleanitzean matrikulatu ginenok Treasa ezagutu genuen. Zeinak gure historiako liburuetatik at geratu ziren gertakari askoren inguruan irakurri arazi zigun. Baita hauen inguruan eztabaidatu arazi ere. Arrisku-kirola 16 urteko gazteei politikaz (besteak beste) askatasunez eztabaidatzen uztea.
Adin horrekin berarekin, oin-puntetan, lan munduan lehenengo pausoak eman nituen. Askotariko lankideekin ordutegiak adostu eta estrategiak osatzen ikasi nuen halabeharrez. Unibertsitatean boto-emaile gradudun bilakatu ginen. Eta buruz behera lan-merkatuko uretara salto berriz ere.
Bizitza bideratu orduko asko dira bidera iritsi bitartean ikasitakoak. Baina hasieratik argien geratzen zaidana: bidea zabala zein malkartsua izan, jendez gainezka dagoela. Bizitza hontako kale guztiak mugimendu haundikoak direla. Eta zirkulazio fluxuaren egoera ona denon esku dagoela. Niri aurretik aipatutakoek luzatu zidaten zirkulazio araudia. Baina nire amona, Larraitz, Ane, Belen edota bidean neuk topatu ditudan beste eragileak ezagutzeko aukera izan ez duzuenok beste izen propio batzuk izango dituzue buruan oraintxe. Ziur.
Orain dela urte bat Tolosaldeko Ataria zeharkatu nuen lehenengo aldiz, uhinen bitartez zuen sukaldeetara sartuz. Espainiar estatuko hauteskundeen hirugarren buelta bertan genuen, eta nik liburuez eta irakurtzeko beharraz hitz egin nizuen. Bada, hauteskunde horiek “irabazi” zituen gobernuburuak ez omen du irakurtzen. Tira bai, Marca. Baina irakurtzen ez badu ere... enpatizatzen, elkarbanatzen, kritiko izaten erakutsi dion eragilerik ere ez al du ezagutu? Ez naiz guztiz inozoa, badakit gauzak ez direla hain sinpleak eta txontxongiloak hariek dantzarazten dituztela. Baina nire kezkak sinpleki azaldu behar ditudanez: zein eragilek darama gobernuburu bat, politikari edo biztanleriaren zati bat askatasunez mintzatzearen aurka agertzera?