Bat egin dezagun!

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2017ko mar. 30a, 17:30

Tipi tapa, tipi tapa irten da gaur korrika Otxandiotik. Hogeigarren aldiz zeharkatuko dugu Euskal Herria. Korrika. Pausu zaparrada batek astinduko du gure lurra, ehunka bihotzen taupadek bultzatuko gaituzte bidean aurrera egin dezagun.

Organismo baten arterietatik zabaltzen den odol fluxua. Hemoglobina, oxigenoa garraiatzen lurraldearen zelula guztietara. Euskararen arnasa emanaz elkarri. Tipi tapa, tipi tapa. Oin zolek lurraren kontra txaloka ospatuko dute euskarak kaleak, espazio publikoak, erreklamatzen dituela. Mundu bat euskara bilduko direla hamaika egunez ekimen honen baitan.

Euskaldunok osatzen dugun eraikinaren adreilu bat naizenaren aldetik, hitzari helduko diot gaurkoan. Orain dela hamar urte (hamar, ufa!) lekukoari heltzeko aukera izan nuen. Eta altxorren kutxan gordeko dut betirako egun horren oroitzapena. Inmakulada Ikastetxearen izenean ikaskide batek eta biok kilometro batez lekukoa hartu genuen. Urte hartan “heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari” izan zen goiburua, eta horrelaxe ekin genion guk. Elkarlanean.

Mezu sekretuaren gordailua bi eskuz eutsiaz, bi pertsona ezberdinek mezu berbera zabaltzen genuen. Horregatik izan zen esperientzia hura hain preziatua niretzat. Euskal Herri osoa astintzen duen ekimen batean lehen eskuko parte hartzea izatea izugarria izan zen noski. Baina euskalakarien aurpegien aniztasunari ekarpen txiki bat egin genion. Horrek, hunkitu egin ninduen.

Euskaltzale guztion parte hartzeak korrika den hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaia anitzagoa egiten du. Mundu bat euskara bilduz, mundu unibertsalagoa sortzen du eta.

Horregatik, euskaraz ikasi, bizi, lan egiteko eta maitatzeko aukera izan duen honek tipi tapa egingo du aurten ere korrika. Nire gurasoek ez bezela, nire ondorengoek aukera hori beti izan dezaten. Zuri ere gonbidapena luzatu nahi nizuke: Bat egin dezagun! Omendu dezagun AEK, edota euskararen alde egiten duen edonor. Euskara den hizkuntza, kultura eta munduaren alde egin dezagun korrika. Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Tipi tapa, tipi tapa. Goazen danok bat egitera. Zuk egitera. Euskaraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!