Kale Kantoitik

Euri tanta

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2016ko abe. 15a, 13:02

Fenomeno liluragarria dira euri-tantak. Begi kolpe batez gertakari sinplea dirudi euriak: zeruko ur-lurrunaren kondentsazioa, pisuaren pisuaz lurrera tantetan itzultzen dena.

Gure igandeetako mendi-irteerak zapuzten dituena, urtegiak betetzen dituena. Gurean maizegi ematen dena. Xirimiria, gure-gurea. Hain arrunt izateagatik eroso bilakatu dena.

 

Baina ez da fenomeno sinplea, inondik inora. Fisikoki ezinezkoa baizik.

Ur molekulak elkar erakartzen badute ere, batzen diren bezain pronto disoziatzen dira. Beroak eragindako egoera kulunkarian. Ihintza puntua igarota ere, nekez eratuko dute tanto bat ur molekulek euren kaxa: egonkortzeko beharko duten gainazal bolumen kritikoa 150.000.000 ur molekulen hainakoa izango baita. Hau, likidoen izaeraren ondorio bat da. Lurruna kondentsatuz ur zentimetro kubiko bat sortzean energia asatzen baita, presio aldaketa soilagatik. Baina ur zentimetro karratu bat sortzeko, energia kontsumitzen da. Bolumen jakin batetik behera, tanto baten gainazal borobil ederrak mantentzeak gastu energetiko handiegia ekarriko du.

 

Nola batzen dira ur molekulatxoak beraz? Nola gainditu oztopo fisiko horiek? Lur partikulak izango dira giltzarria. Gatza, buztina. Gure atmosferan sakabanaturik dauden partikula hauen inguruan kondentsatuko da ur tanta, hasieratik bolumen kritikoa lortuta hazi ahalko delarik. Euria botako duen laino baten baitan tanta bat izan arte.

 

Zoragarria, ez da hala? Niri behintzat horrela dirudit. Tantak. Itxuraz arrunt, baina benetan konplexuak diren altxor mikroskopikoen jagoleak. Sekretu txiki baten ur gordailuak. Balio metaforiko handia dute gainera! Tira... Hobeki esateko, nik balio metaforiko handia egotzi diet. Koadrila, familia... askok euri-tantarena egiten dugula uste dut. Etxekook behintzat gatz partikula baten inguruan kondentsatzen diren ur molekulak antzeratzen ditugu. Normalki bost bat ur molekulen bilkura sakabanatua gara. Baina urtean pare bat aldiz, ihintza puntua gainditzen dugula dirudi. Eta orduan bai, gure lur partikula partikularraren inguruan kondentsatzen garen senitarte molekularra gara.

Gure tantaren osaketa ahalbidetzen duen buztin-apurra amona dela uste dut. Agian oker nago! Agian, gure estruktura guztiz bestelakoa da. Baina gure gatz apurra gabe, egoera kulunkarian izango ginenaren susmoa dut. Hidrogeno zubi hauskorrak eratuko genituzke, bero pixkatekin apurtuko liratekeenak. Gastu energetiko handiegia izango zen guretzat...

 

Eguberriak datoz, eta ihintza puntua joko dugu pare bat aldiz. Guk eta hodei hontako beste tanta askok. Urtero bezela. Eta fenomeno arrunta badirudi ere, izatez, konplexua da. Liluragarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!