Kale Kantoitik

Beltz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2016ko abenduaren 1a

Beltz. Beltz argitu dute azken asteburuko egunak. Ostiral Beltza ospatuz hartu genuen martxa, “Black Friday” delakoa. Hilabetez iragarki zaparrada jasan ostean, hau aukera paregabea izango zela sinetsi genuen. Kontsumo ankerra erdi-prezioan. Hori mauka!

Salmentak gora. Txanponak enpresa eta elkarte handien patriketara doaz, gure katanarrutik ihesi. A zer pagotxa, bai, gutxi batzuentzat. Saltoki askok larunbatean ere euren eskeintzak mantendu zituzten. Abaguneari onura atera behar zitzaion. Beltza benetan gure kontsumitzeko grina.

 

Eta beltz baino beltzagoa patuaren umore-sena. Mundua kapitalismoaren irudi gordina agerian uzten duen “kontsumoaren festa” honetan murgilduta zegoela, hil baita Fidel Alejandro Castro Ruz. Metaforaren bat eraiki edo txisteren bat botatzeko aukera ematen digun aldiberekotasuna. 639.ean aidanez. Batzuek dolun jantziak erantzi zituzten berria ospatuz, besteek luto aldia hasi. Beltza soinean proguko egunak igarotzeko.

 

Igandean berriaren ondoriozko ajea genuen. Albiste inpartzial eskasia, eta albistez mozorrotutako iritzi zutabe neurrigabekeria. Atsedena hartu genuen atsedenik gabeko lau t'erdiko finala ikusiz. Bengoetxeak jantzi zuen azkenik txapel beltza. Etakonturatzerako gainean genuen “Cyber Monday”a. Honakoan, gure pantaila beltzdun tramankuluen bidez kontsumitu behar eskeintza bereziak lortzeko. Hori etekina Internetari ateratzen dioguna...

 

Beltz. Beltz ilundu dute azken asteburuko egunak. Mundu globalizatu honetan banakakook dugun rol bakarra kontsumitzailerena dela ikusi delako. Beltz, kontsumoak gure begiak lainotzen dituelako. Beltz igaro den Urria, non Europar Batasunak CETA merkataritza-akordioa sinatu duen. Ezagunago egiten zaigun TTIPak bezain beste ISDS klausula dituena. Inbertitzaileen eskuetan estatuen erabakiak baldintzatzeko tresna. Inbertitzaileen eskuetan, desadostasunen aurrean estatuak auzitara eramateko aukera. Beltz hilabete honetan, Europako Parlamentuan, ea CETA behin betiko onartuko den bozkatuko dela jakitea. Baina ez hedabide nagusiei esker. Beltz gurean kontsumoa defendatzea banakakoen edo herrien eskubideen gainetik.

 

Beltz gure kezka gehienak kontsumoari lotuta egotea. Gure ustezko arazoak, dugun erosteko ahalmenarekiko alderantzizko proportzionak izatea. Beltz baino beltzago hauek denak gabonetan loteria erosiz uxatzeko nahia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!