Orain, jostailuz itotzen dituzte gozoki dendak gurean, baita monopolio diren liburu-dendak ere. Bostehun pezeta paga potoloa zen. Zinemarako sarrerak erosteko adina ematen zuen. Ehun pezetekin Frigopie edo Minimilk izozkiak eros zitezkeen; kafea; ogi barra handia, bueltak barne.
Ogia erosteko ehun pezeta ematen zizkidaten gurasoek. Bueltak gozokitan gastatzen nituen. Gogoan dut pezetak zenbatzen zituzten garaian nola hozten zitzaien izerdia telebistako aurkezleak euro hitza esaten zuen bakoitzean.
Eta ondo gogoan dut dagoeneko adinez nagusia den euroa jaio berri zen garaian, igandearekin, gurasoek badaezpada bi euroko txanpona eman zidatenean ogia erosteko, amonak 'fundamentuzkoa' erosteko agindu zidala.
- Begien kliska batean txartzen ez dun horietakoa, esan zidan. Gorputza duen mamia eta azal sendoa duena.
- «Kurrusk» egiten duen ogia gustatzen zait.
- Azala lodi, bai, baina baita barrua ere.
- Niri mamia gustatzen zait!, nik, amonaren onespen bila.
- Hire adin bueltakoei mamia mehe gustatzen zaien, urtsu; eta ez, ondo hartzitutakoa izan behar dun.
- Hodei baten tanketarakoa, kotoizkoa, gustatzen zait!
- Ezta gutxiago ere! Hi ere horrelakoa haiz ta. Gu belar motzean zaildutakoak gaitun, azala gogorra dinagu. Zuek, ordea, azala bistara polita duzue, baina hauskorra. «Kraska!» Berehala hausten zarete.
- Mamitsua dena gustuko duzuela? Nola ba! Zuek esne mamitan hazitakoak zarete, eta hor koxka… egia-egiatan mami gutxi jandakoak zaretela!
- Amona baina…
Okindegiko errenkadan aurretik ditudan auzokideek «%80 zikiriozkoa», «zazpi hazitakoa», «integrala» eta «espeltazkoa» eskatu dituzte.
- Eguerdi on. 'Fundamentuzko' ogi bat, mesedez.