Bularretakoa kendu dut etxera iritsi orduko. Loturarik ez titietan. Dantzan dabilzkit bi bularrak. Lau t'erdiko partida batean pilota batetik bestera dabilen bezala: ezker eta eskuin, gora eta behera. Eta dantzan hasi naiz ni ere.
Mesanotxeko hirugarren tiraderan gorde dut bularretakoa. Gainezka egiten du. Haurra nintzela amonak eskuz jositako eta lotsaz janzten nuen kuleroen antzerako bularretakoa, ezer gutxi eutsi eta tapatzen duena; amari barre egiten nion antigoaleko bularretako horien parekoak barra-barra, lauzpabost, ustez faltan dudan sentsualitatea emango didatenak. Modak zer diren. Titirik ez genuen garaian erabiltzen genituen topen antzerako bularretako bat; lau kirol-bularretako, hilean behin kirola egitera joaten naizenerako; ohea flanelako izarekin janztea egokitzen den egun hotzetan ere jantziko ez ditudan bularretakoa eroso bezain beroak; errutinarioak hiru bat, denetarako balio duten eta beti behar ditugun kamiseta zuri edo beltz horien antzerakoak, neurria (zenbakia-letra) buruz dakizkizunak; eta nire buruarengan baino konfiantza gutxiago (edo gehiago) dudanekin gaua pasatzera joan behar izanez gero maletan sartuko dudan bularretako ezin erosoagoa, erdi handi geratzen zaidana. Bularretakorik gabe bezain eroso lo egiterik ez dagoen arren, azken hau ere kaxoian, bai.
Asteko egunak baino bularretako gehiago ditut. Zertarako? Zergatik?
Periferiatik erantzunaren zain sumatzen dut laguna. Bularretakoak dagokion kuleroarekin batera ordenatzen hasi naiz. Koloreka eta praktikotasunaren logikaren arabera: transparentzia eta puntilladun brallette beteak heldulekutik gertuen eta hautsiak egonagatik zakarretara bota nahi ez ditudan eroso baino erosoagoak urrutien.