Gure tolosartasun termometroak goiak jotzen du. Hiriburu izatearen uberak herria hiri ikustarazten digu.
Ez du parekorik. Ez da herririk horrelako giroa duenik. Kanpotarrak ere protagonista diren festak dauzkagu. Munduko festarik onenak. Herriko jaiak ere urtez urte hauspotzen. Eta gainontzeko festak fest.
Menu konpletoa egin dezakezu gurean: perla beltzaren, txuletaren, gozoaren eta zergatik ez, bisiguaren herria baita gurea. Orioko estiloa ere ekarri dugu barnealdera.
Historiak dio arraunaren habia zaretela, bai; baina gurean ere badugu trainerua, zuen uretan koskortuko dena. Bistakoa da, ez dugu inoren inbidiarik.
Bai, gaitz hori daukagu. Eta bai, gure burua diagnostikatzeko eta medikatzeko ohitura zabaldua dagoen mende honetan, tolosarrok ez diogu gaitz horri erremediorik jartzen.
Arren, ez ditzala zuen herri txikiaren konplexuak Bisiguaren Festak Bisigu Fest bihurtu, zuen hizkuntza zaharra konplexuz josi. Ez mugatu zuen ondarea historikoa punta-puntako Nikolas trainerura, eta ez tratatu Txiki txikia balitz bezala.
Bizi oriotartasuna hankak lurrean jarrita, aniztasunetik, berdintasunetik, euskaratik. Izan oriotar peto-petoak, eta ez coolak.