«Zaila da gauza konplexuak modu sinple batean irudikatzea»

'Caramelo de menta' ezizenaren atzean ezkutatzen da Irune Agirrezabala Segurola. Sortzen dituen ilustrazioak mentazko gozokiak bezain freskoak dira, baita ilustratzailea bera ere.

Irune Agirrezabala Segurola (Tolosa, 1994) ilustratzailearekin kafe baten bueltan bildu eta elkarrizketaren gaiaren erroak utzirik adarrei lotuta ibili da sortzailea ATARIA-rekin. Hitz eta pitz. Sorkuntzetan darabilen umoretik asko duela erakutsiz. Barrezka eta eroso aritu da eta elkarrizketa hasterako, zerrendatutako galderak eta gehiago erantzun ditu.

Sorkuntzarekin lotura haurra zinenetik duzula esan duzu…

Ahal izan dudan momentutik, arkatza hartu eta marraztu egin dut. Betidanik komiki asko irakurri izan ditut, akaso hortik datorkit darabildan umorea. Hasieran komikiak kopiatzen nituen. Ilustratzen duela bi urte-edo hasi nintzen.

Eta 'Caramelo de menta' orduan sortu al zen?

Gau baten egindako ametsagatik sortu zen hau guztia. Ametsa paperera ekarri nuen. Mundua bat zen, kaka baten itxurakoa, eta kakalardo pilotagilearen zentzua eman nion. Dena gaizki doanaren ideia islatu nahi izan nuen. Trazo sinplearekin, zuri beltzean…

Teknika hori aurretik ere erabiltzen al zenuen?

Akuarelekin aritzen nintzen, besteak beste. Orain ere aritzen naiz, eta azkenaldian akrilikoekin eta tenperekin ere jolasten dut. Sortzen diren ehundurak asko gustatzen zaizkit.

Lehendabizikoa, beraz, kakalardo pilotagilearena izan zen.

Hori izan zen lehena, bai. Gustatu egin zitzaidan eta gehiago egiten hasi nintzen, besterik gabe. Sekula ez nuen pentsatu izen baten bueltan sortuko nuenik.

Marrazki baten atzetik gehiago etorri ziren, ordea; ildo berekoak, gainera. Segida horretan naturalki sortu al zen 'Caramelo de menta'ren izenpean sinatzearena?

Pixkanaka-pixkanaka koadernoak betetzen hasi nintzela ikusten nuen. Familiakoekin eta lagunekin sarritan hitz egin dut marrazkiekin egin nezakeenaren inguruan. Nik beraiei erakusten nizkien, baina ez zitzaidan burutik pasatzen horiek jende gehiagok ikusteko moduan argitaratzea. Afari bat egin genuenean guztiek esan zidaten sarean argitaratu beharko nituela lanak. Esan eta egin. Hurrengo egunean Instagram eta Facebooken profilak sortu nituen.

Izena ere afari horretan sortu al zen?

Ez. Beranduago etorri zen. Nire lagun batek argi ikusten zuen marrazkiak sare sozialetan partekatu behar nituela; baina nik argi nuen nire alderdi pertsonaletik bananduko nuela eta ez nuela nire izenean argitaratuko, ezizena behar nuela. Kafe baten bueltan, ideia zaparrada botatzen genbiltzala, lagunak Caramelo de menta esan zuen, gustatu egin zitzaidan eta horrekin gelditu nintzen.

Izena izanarekin bat doala...

Eta horregatik gustatu zitzaidan. Nire marrazkiak nire pertsonalitatearen isla dira. Freskoak dira, sinpleak, konektatzeko errazak.

Sinpleak bai, baina ez hutsalak… Umorea gauza serioa da, eta zuk mezu ugari helarazten dituzu umorez blaituta.

Familiatik datorkit umorearena. Aitonak ere umore beltz-absurdo hori du. Akaso nirea are baldarragoa da, filtro gutxiago ditu. Ez dut bi aldiz pentsatzen. Ideia bat izaten badut eta hori paper zuri batean biltzea lortzen badut, primeran.


Marrazki batek zabaldu dezakeen mezuan ere ez duzu bi aldiz pentsatzen?

Ez dizkiot buelta gehiegi ematen. Batzuek atzean gai sakonak dituzte, baina natural ateratzen zaizkit. Hitz-jokoak eta egunerokotasuneko bizipenen gainean marrazten dut bereziki. Ideiaren bat bururatzen bazait, umore ukitua ematen ahalegintzen naiz, eta behin hori lortuta, paperera eramaten ahalegintzen naiz.

Naturaltasunez eta umoretik lantzen dituzun gaiak, ordea, tabuak izaten dira sarritan, eta are gehiago, sortzailea emakumea dela kontuan izanda. Hilekoa, sexua, gorputzeko ileak…

Ni horrelakoa naiz. Batzuetan egin dut duda igo ala ez, baina gero pentsatzen dut: zergatik ez? Nik nitaz barre egiten badut, zergatik ezingo du beste pertsona batek berdina egin? Iruditzen zait horrelako gaiekin zure buruaz barre egiteko gai bazara, zurekin oso lasai egongo zarela.

Hori da akaso zailena…

Baina zergatik gorde? Ez dago zertan tabu baten gisan ikusi beharrik, guztiaz naturaltasunez hitz egin daiteke. Gainera, nik barre eginda beste batek ere gaiari naturaltasunez eustea eta barre egitea lortzen badut… bi bider ondo.

Ilustrazioak sare sozialetan partekatzen dituzu: Instagramen, Facebooken eta webgunean. Zer nolako dinamika darabilzu?

Bi urte eta erdi hauetan dinamika oso desberdinak izan ditut. Hasieran marrazki gutxiago nituenez, ez nuen egunero marrazki bat igotzen. Hilabete igaro nezakeen marrazkirik igo gabe, baina baita egun batean lau bat marrazki egin ere. Irailetik egunean marrazki bat igotzen hasi nintzen, baina hori zaila da oso. Beraz, lasai hartzen ahaleginduko naiz, ez ditut marrazkiak derrigortuta igo nahi. Partekatu nahi ditut, noski, asko gustatzen baitzait eta oso gustura egiten baititut. Jendeari gustatzen zaiola ikusteak, gainera, gogobetetzen nau eta marrazteko gogoa are gehiago pizten dit.

Euskaldunak izanik, gaztelaniaz egiten dituzu ia ilustrazio guztiak. Zergatik?

Lehen unetik horrela sortu nuen, naturalki. Errioxako familia daukat eta hain justu handik datorkit umore hori, beraz, hori izan daiteke arrazoia. Umore hori egiteko akaso erraztasun handiagoa daukat gaztelaniaz. Baina, tira, horrek ez du esan nahi euskaraz ondo moldatzen ez naizenik. Betidanik egin dut euskaraz eta noiz edo noiz pentsatu izan dut ea zergatik ez dudan zerbait euskaraz egiten.

Musika talde batek, behin, beren erreferenteak gaztelaniaz kantatzen zutela argudiatu zuen...

Nik ere erreferenteak dauzkat. Orain, gehien bat umorea eta hitzak darabilten emakumeak ditut jomugan. Gehienak ez dira euskaldunak… agian hori da.

Bueno, hastea da kontua…

Bai, bai; eta sarritan eman dizkiot bueltak horri. Nire poltsak euskaratu izan ditut, adibidez.


Ilustrazioak sare sozialetan partekatzeaz gain, serigrafiatu ere egiten dituzu, poltsatan.

Hasieran soilik ilustrazioak sarera igotzen nituen, besterik gabe. Baina lo egin ezin nuen gau batean telazko poltsak bilatzen hasi nintzen eta guztiak oso garestiak iruditu zitzaizkidan. Orduan pentsatu nuen nireak propioak egin nitzakeela. Nola egin nitzakeen begiratu nuen eta teknika zehaztu.

Eta zein da erabiltzen duzun teknika?

Eskuz egiten ditut. Banaka. Batzuetan pintzelak erabiltzen ditut, baina normalean errotulagailuekin marrazten dut. Erabili beharreko materialak zeintzuk ziren zehaztu nuenean guztia erosi nuen eta abenturan murgildu nintzen. Saltzen banituen, ondo; eta bestela, gertukoenei emango nizkien eta listo.

Baina ez duzu familiakoei eta lagunei emateko beharrik izan, ezta?

Gauza ondo joan da eta saltzea lortu dut, bai…

Eta poltsetako marrazkia zuk aukeratzen duzu ala erosleak?

Orain arte, behintzat, Caramelo de menta gauza txikia izan da, lagunartekoa. Ahoz aho zabaldu den zerbait, besterik gabe. Enkargu bidez egin izan dut lan. Marrazki bat egiteko eskatu eta prest izatean entregatu diet. Online denda zabaldu nuen duela denboratxo bat, eta denda horretan nik aukeratutako marrazkiak dituzten poltsak ditut salgai. Hiru diseinu daude aukeran.

Oker ez banabil, 'offline' erosteko aukera ere badago, Zuzeun.

Han ere noizbehinka uzten ditut poltsak, bai.

Dena den, indar handiena 'online' esparruan daukazu. Interneten jarraitzaile mordoa dauzkazu…

Azken hilabeteetako kontua izan da hori. Badaude profil batzuk zeinak ilustratzaile ezberdinen lanak argitaratzen dituzten. Nire ilustrazio batzuk argitaratu dituzte eta sortzailea aipatzen dutenez, profil horretako jarraitzaile asko ni jarraitzen hasi ziren. Bat-batean hazi zen jarraitzaileen zakua. Orain 3.640 jarraitzaile dauzkat.

Sareak hori dauka, saretzeko ahalmena. Tolosako ilustratzaileen artean ba al duzue harremanik, sarerik?

Nik dakidala ez. Ezagutzen ditut bat edo beste, baina ez ilustrazioengatik.

Pena da…

Bai. Tolosa ez da hiri handia, txikia da oso, eta akaso pertsona hori aurretik ezagutzen duzu, baina beste kontu batengatik. Orduan zaila egiten da hori haustea eta zu ere horretan aritzen zarela esatea. Berez ez du zertan, egiten duzunaz harro egon behar baituzu…


Musikarekin ere lotura estua daukazu, ezta?

Egunero eta etengabe entzuten dut musika. Inspiratzeko balio dit.

Sortzerako garaian musika izaten al duzu lagun?

Bai, normalean, bai. Musikak lasaitu egiten nau, nahiz eta musika gogorra izan. Musikak erlaxatzen laguntzen dit, eroso egoten. Musikak nire buruarekin eta soilik nire buruarekin egoten laguntzen dit. Plazer hutsa da.

Begi bistakoa da sorkuntza adierazpide bat dela zuretzat, garrantzitsua dela. Gizarteak, oro har, garrantzia hori aitortzen diola uste al duzu? Hau da, balioan jartzen al duela uste al duzu?

Zailtasunarekin baloratzen dela esango nuke. Iruditzen zait oso zaila dela zure ideiei balore bat ematea. Edonork esango dizu hori berak egin dezakeela, edo bere bost urteko haurrak egiten duela. Horrek esan nahi du zuk egin duzun sorkuntza lanari garrantzia kendu diola, ez duela kontuan hartu zuk egindako lanketa.

Hori esango dute, baina ziurrenik hori diotenek ez dute sekula egin…

Oso mitifikatuta dago hori, arte abstraktuan bereziki. Baina ez dira jabetzen horrek esanahi bat duela, zergati bat, ideia bat dagoela horren atzean. Eta ideia bat izatea ez da batere erraza. Are zailagoa da ideia hori paperera ekartzea.

Sinplea dirudienean baliogabetzeko joera badago, baina akaso zailagoa da sinpletasun hori lortzea, erraza egitea.

Gauza konplexuak modu sinple batean irudikatzea zaila da. Ni behintzat oso pozik sentitzen naiz hori lortzen dudanean, zeren oso zaila da. Kultura kontsumitzeko ohitura ez duen jendeari sormen prozesua baloratzea gehiago kostatzen zaiola esango nuke.

Zutaz gehiago jakin nahi duenak nora jo dezake?

Facebooketik edo Instagrametik kontaktatu dezakete nirekin, Caramelo de menta jarrita aurkituko naute.

 

GUSTUKOENAK

Bat aukeratu beharko bazenu...

Diziplina artistikoa. Diseinu grafikoa.

Arte mugimendua. Postmodernismoa.

Ilustratzaile gogokoena. Orain, Flavita Banana.

Musikari, disko edo kantu bat. Musikaria Joy Division, diskoa Closer eta kantua 24 hours. Elkarrizketara hori entzuten etorri naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!