Alegiarrak Bartzelona izan du ikasketa garaian bizitoki eta aurrerantzean ere, behin moda graduatua bukatzean, horrela izaten jarraitzea espero du. Profesionalki moda munduan bertan eman nahi ditu bere hastapenak. Amesten jarrita bere marka propioa sortzea du buruan.
Orratzekin jolasten al zenuen ikasketak hasi baino lehen?
Txikitan josteko makina txiki bat nuen etxean. Amak beste zerbait josten zuen bitartean, nire makinarekin panpinentzako arropak egiten saiatzen nintzen.
Ikasketak hasi bezain pronto oihalak ehuntzen hasi zineten ala lehendabizi oinarri teorikoa jaso zenuten?
Lehen mailatik alor teorikoa eta praktikoa uztartu ditugu. Lehen bi mailetan teoria gehiago jasotzen genuen; modaren historia, soziologia eta antzerakoak, baita marketing esparrukoak ere. Era berean, diseinua ere lantzen genuen koloreen aplikazioarekin, sormen teknikekin eta abar. Eta, graduko lau urteetan patroi-teknikak eta josteko-teknikak ere ikasi ditugu.
Bartzelonara joan zinen ikastera. Zergatik?
Argi nuen Bartzelonara joango ez banintz Madrilera joango nintzela, ziur baineukan moda ikasi nahi duela. Espainiako moda eskola onenetarikoa da Bartzelonakoa, beraz, gurasoekin hitz egin nuen eta hara joateko aukera eman zidaten.
Hemen ez al dago moda ikasteko aukerarik?
Donostian bi urteko goi mailako ziklo bat dago; baina, lehen esan dudan moduan, gurasoek Bartzelonara joateko aukera eman zidaten eta nik aprobetxatu egin nahi izan nuen.
Buruan duzuna gauzatzean datza moda-diseinua?
Bai, nolabait. Nire ideiei eta pentsaerei forma emateko bidea da, niretzat, moda-diseinua. Nire egonezinen irtenbidea. Eta, horretarako, hainbat erreferentzia eta datu hartu behar dira kontuan.
Zure aldartearen arabera sortutako jantziak era batekoak ala bestekoak izango dira orduan.
Erabat, gainera. Bakoitzaren garaian garaiko aldartearen eta nortasunaren araberakoak izango dira diseinuak, jantzien formetatik hasi eta koloreetaraino.
Sortzeko prozesu jakin bat izaten duzue ala hori norberaren araberakoa da?
Prozesu jakin bat jarraitzen dugu normalean. Lehendabizi egiten duguna sketchbook delakoan informazio pila bat jasotzen dugu. Hori egiteko hamaika modu daude, abiapuntuaren arabera. Inspirazioa non bilatuko duzun baldin badakizu, horren inguruko elementuak biltzen ditugu, adibidez; inspirazioa non bilatu ez badakigu, alderantzizko prozesua erabiltzen da.
Gero, oihalak aukeratzen dira. Ondoren, diseinuak egiten hasten gara; eta, azkenik, patroiak egin eta josi egiten dugu.
Eta zure diseinuen erakusleihoak zein izaten dira?
Orain arte unibertsitateak eman digu gure lanak erakusteko aukera. Ikasturteko lan onenak hartu eta unibertsitateko sarreran dauden manikietan jartzen dizkigute.
Moda-bilduma oso bat erakutsi nahi izanez gero, internet eta lehiaketak erabiltzen ditugu gure lana zabaltzeko.
Moda-diseinua pasarelekin lotzen dugu, aberatsekin, elitearekin; horrela al da?
Pasareletan agertzen dena datorren tendentzia da. 15 egun beranduago, modu xumeagoan, modu ez horren bitxi edo nabarmenean, dendetan ikusten dugu. Pasareletan agertzen dena famatuek alfonbra gorrietan jartzen dutena da; beraz, modu batera edo bestera, guk jantzi nahi duguna. Channel, Dior edo Balenciaga bezalako marka garestiak janzten dituzte aberatsek. Erdi mailako pertsonak horien janzkera imitatzen saiatu ohi dira.
Jantzi horietako asko eta askok ez dute eroso itxura, behintzat. Janzten duguna erosoa izatea derrigorrezkoa al da?
Nire ustetan, jantziak ez dira erosoak ala deserosoak; baina pertsona, berriz, jantzi mota jakin batekin sentituko da eroso.
Pertsona bat eroso sentitu daiteke sekulako takoiekin edo oso luzea den soineko batekin, eta beste bat berriz, agian, txandalarekin deseroso sentituko da.
'Para lucir hay que sufrir' esaera zabalduta dago oso, bada...
Guztiz kontra nago esaerarekin. Inork ez du sufritu behar dirdira egiteko. Moda estilo asko daude, eta norberak aurkitu behar du eroso sentiarazten diona.
Herritar gehienek 'lowcost' jantziak erabiltzen dituzte. Kalitate baxukoak izaten dira eta langileen baldintzak makurrak, oso. Zuek horrekin bukatzearen alde egongo zaretela pentsatzen dut...
Egia da lowcost jantziak egiten dituzten langileak baldintza makurretan lan egiten dutela. Ideala litzake guztiek baldintza onean lan egitea eta kalitate oneko arropak produzitzea; baina, egungo gizarteak ez du asko gastatu nahi jantzi batean.
Gizarteak, oro har, nahiago izaten du kalitate baxuko asko kalitatezko bakarra baino, ezta?
Zikoizkeri larregi dago. Nahiago da kalitate txarreko hamabost galtza eduki kalitate oneko bost baino.
Eta erosten dugun hori, guk hautatua da ala gure gustuak inposatuak dira?
Dendetako eskaintza guk hautatua dela esan daiteke. Tendentzia sortu aurretik merkatu-ikerketak egiten dira, momentuko ekonomia, politika eta gizartearen egoera aztertzen dira. Urte horretako kolore, forma eta estiloa zein izango diren erabakitzen da ikerketa horrekin. Hau pasareletan aurkezten dute firma entzutetsuek eta, ondoren, dendetan ikusten dugu.
Tendentzia bakoitzak du atzean zergati bat, arrazoi bat. Krisia egon denean, adibidez, ezpain gorriak modan jarri ziren. Nahiz eta arropa xumeagoak eraman, ezpainak margotuta jantziago zaudela dirudi.
Modan jarri ziren, diozu. Baina... zer da moda?
Niretzat moda bakoitzaren nortasuna islatzea da; bakoitzaren janzkera ikusita pertsona horren izaeraren gutxi gorabeherakoak ere ikustea.
Baina modan dagoen hori da, orokorrean esanda eta salbuespenak salbuespen, guztiok janzten duguna...
Jantzi horiek denoi ez zaizkigu ongi gelditzen. Beraz, moda horretatik, bakoitzak bere moda propioa eraiki behar du; norberaren gustuak eta gorputz forma kontuan hartuta, bertuteak nabarmendu eta akatsak ezkutatu behar dira.
Eta zer da estiloa izatea ?
Estiloa jantziak eramateko modua da. Estiloa dena delakoa izanda ere, finkatuta badaukazu, daramatzazun jantziak segurtasunez eta naturaltasunez eramango dituzu.
Denbora aurrera doan heinean, eta denboarekin batera gu heldutzen goazen heinean, norberaren estiloa aldatzen joaten da. Ezagutza geurenagatzen dugu eta horrek guztiak eragina dauka gure estiloan. Estiloa, pertsona da.
Ezagutza jasotzen ari zara graduko lau urte hauetan eta horrek zure jostun-prozesuan ere eragina izango zuen, zure etorkizuneko ametsetan. Lehen moda ikastearekin egiten zenuen amets. Behin ikasketen amaierak ate joka egonda, zerekin egiten duzu amets?
Ametsa nire negozio propioa izatea da. Baina, horretarako diru asko behar denez, lehenbizi lan egiteko asmoa daukat, aurreztu eta… ikusiko da! Printzipioz Bartzelonan geldituko naiz, lan irteera gehiago daudelako; baina han aukeraren bat ez banu topatuko, ez nuke bueltatzeko arazorik izango.