Erantzule ez, baina bai testigu

Erresuma Batuko biztanleak dira. Denbora tarte laburrerako joan da Imanol Landa (Alegia, 1988) Southamptonera eta, itzulera datarik gabe, Nerea Sainz (Tolosa, 1991) Edinburgora. Kepa Aranak (Ibarra,1980) hamaika urte daramatza Londresen, ia jaioterrian baino gehiago.

Espainian hautsak harrotu ditu botoen dantzak. Abenduan hautetsontzietan sartutako gutunazalek ezkutatzen zuten aldaketarako gosea, berretsi egin da estatuko hainbat probintziatan; baina, baita orain arteko ildotik jarraitzeko desioa ere, beste hainbatetan.

Hiru hilabete elkarrizketatan pasatu ondoren, gobernua osatzeko gai izan ez zirelako jo behar izan dute herritarrek, berriz ere, bozkalekuetara. Burrunba horretan, adostasuna nork eta noiz lortuko zain dauden bitartean, adi-adi irakurtzen dituzte hedabideetako lerroburuak; egiten dituzte beren matematikak, eta asmatzen dituzte gerta daitezkeen gertaezinak.

Burrunba horrek itzalean utzi du, hauteskundeen atarian, Erresuma Batuan gertatutakoa. Han ere hauteskundeak izan ziren, Erresuma Batuak Europar Batasunetik alde egin behar zuen ala ez erabakitzeko. Europar Batasunetik ateratzeko erabakia hartu dute.

Erabakian esku hartzerik izan ez zuten arren, erabakiaren lekuko izan ziren Nerea Sainz, Imanol Landa eta Kepa Arana.

ALDI BATERAKO BIZTANLEAK

Erresuma Batura 2005ean joan zen Arana, duela hamaika urte. Ingeles ikasketak aitzakia hartuta eta bidaiatzeko gogoari segika, Euskal Herria utzi eta Londreserako bidea hartu zuen.

Sainz Erresuma Batuan nomada ibili da. Gradua bukatu bezain pronto, 2013an, Londreserako hegazkina hartu zuen tolosarrak. Bi urte egin zituen Londresen, lanean; urtebetera, 2016an, Edinburgora joan zen.

Erresuma Batuan orduak eta kilometroak egindakoak dira Arana eta Sainz. Landak, ordea, denbora gutxi darama Southamptonen. Ekainak bi zituenean joan zen eta abuztuko hondarretan itzuliko da. Lanari lotutako egonaldia egiten ari da Ingalaterra hegoaldean.

HAUTSAK HARROTU ARREN, BERAIEK LASAI

Erresuma Batuko biztanleak diren arren, atzerritarrak dira han; beraz, ez dute botoa emateko aukerarik izan Commonwealth sareko herrialdeetan jatorria dutenek soilik izan dute aukera. Baina, nahiz eta erabakitzeko aukerarik ez izan, bozketa prozesuaren testigu izan dira, hasiera-hasieratik, amaieraraino. Aranak azaldu duenez, Ibarrara bueltatzeko asmoz joan zen Londresera, eta ez du beldurrik sentitu, emaitzak jakinmina piztu arren; “Alde egin behar izanez gero, joango gara—.

Sainzek ere distantziatik bizi du gertatutakoa, baina lantokiko buruko gaixotasuna dutenekin egiten du lan kide batek, Graham Monteithek, interes bereziarekin jarraitu du prozesu guztia. Eta, bere ustetan, politikoei herritarren desadostasuna adierazteko arma izan da botoa.

GEHIENGOA GERATZEAREN ALDE

Emaitza orokorrak ez du Aranaren eta Landaren ingurukoen botoa ordezkatzen. “Ni bizi naizen tokian Europar Batasunean gelditzearen alde bozkatu zuen gehiengoak—, aitortu du Aranak. “Zergatik?— galdetu, eta hainbat arrazoi eman ditu ibartarrak: “Inportatzeko eta esportatzeko zailtasunak izateko beldurra zuten, izu ziren ea isolatuta geratuko ziren. Horrez gain, Londresen 3 milioi atzerritar baino gehiago daude. Negozio asko atzerritarrenak dira, eta negozio-sistema hankaz gora jartzeak ere urduritzen ditu—.

Landak beste arrazoi bat gehitu du Aranaren zerrendara: “Laborategiko lankide askok Europako diru-laguntzei esker ikertzen dute. Europar Batasunetik alde egiteak proiektu berriei ateak ixtea dakar. Horregatik, besteak beste, ez zuten joan nahi—. Ondorioak bere lankideek baterien ikerkuntzan dabil jasateaz gain, berak ere pairatuko lituzke: “Nik ere, esaterako, Europar Batasunaren zati direlako lortu dut egonaldia hemen egitea, laborategiak eskuartean duen Europako proiektu baten ondorioz bainago hemen. Lankidetza hau ez zen posible izango Europar Batasuneko kide ez balira—.

Sainzen lantokiko Monteithek, ordea, Ebetik irtetearen aldeko botoen zergatia azaldu du: “Erresuma Batuak oparotasun garaiak bizi izan zituen. Orain, ordea, egoera bestelakoa da. Eta, noski, desados daude egoerarekin. Galdutako subiranotasuna berreskuratu nahi dute, garai hobeetara itzultzeko. Europatik iristen diren erabakiek Alemaniari soilik egiten diete mesede, horregatik bozkatu dute joatearen alde—.

DAMUTZEN AL DIRA?

Monteithek irmoki dio Erresuma Batua ez dela damutzen hartutako erabakiaz. Bestelako ustea du, ordea, Aranak, eta herritar askok bozketa seriotasunez hartu ez izana aipatu du ibartarrak: “Batzuek ateratzeko botoa eman omen zuten, geratu egingo zirenaren ustea argudiatuta. Behin emaitza jakinda, beste erreferendum bat egiteko eskatzen aritu dira, alderantzizko botoa eman nahi zutela-eta—.

ESKOZIAN ERE ERREFERENDUMA JOMUGA

Monteithen eta Sainzen gainontzeko lankideak eskoziarrak dira eta, haien ustez, beraiek ingelesak baino gertuago daude politikariengandik. Sainzen lankidearentzat Brexita aukera ona da Eskoziarentzat, Erresuma Batutik bananduta baina Europar Batasunaren parte izanez gero, gaur egun Londresen dagoen finantza-negozioaren zati handi bat Edinburgoren esku geratzeko aukera sortuko litzatekeelako. Londresek Edinburgori pasako lioke lekukoa, orain aberastasuna Londresen dagoelako, eta Edinburgo bigarren finantza-zentroa delako.

Halaber, Monteithek uste du Brexitak independentziaren aldeko jarrera baikorragoa sustatuko duela Eskozian, eta ez soilik SNP alderdiarengan. Eskoziaren independentzia izan daiteke Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko irteera-akordioen ondorioa.

Horrela izatea espero du. Botoa emanda dago, eta botoak zenbakitan neurtuta ere bai. Baina, ikusi egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!