Gaixo, osasunaren izenean

Metro bat eta hirurogei zentimetro eta 58 kilo. Hartu ditudan kiloen pisua bota berri dut, kilorik galdu ez dudan arren.

Pisua zama zaigu aspaldion, eta izterren bitarteko hutsunea obsesio, irakurri nion Ane Zuazubiskarri. Obsesioak gaixotasun-sintoma direnez, gaixoak gu. Gajoak gu. Lodifobiak jota daude. Eta erremedioa, osasunaren izenean, obsesiboki kirola egitea da, besteak beste.

Hezur eta azal besterik ez izateko ahaleginean egin gara kirolzale. Halabeharrez kirola egitera derrigortzen gintuztenean kirolik egiten ez zuen hura ere da korrikalaria egun. Edo krosfiteroa. Edozein aitzakia zen argudio Berazubiri buelta bat bera ere ez emateko; egun, ez da aitzakiarik etxean gelditzeko, baina edozein aitzakia-merkek balio du kaloria bat gehiago ere ez irensteko.

Gerri buelta loditu eta popa handitzearen tenorean isilpeko garizuma egiten dugu. Ogitartekoaren ordez tuperrean entsalada. Eta ogia jaten badugu izan dadila integrala, sojaduna eta zikiriozkoa. Eta txarkuteriako erosketa bakarra izan dadila indioilarra, nahi adina jan arren ez du gizentzen-eta. Edo arroz integraleko talotxo sano-sano horiek. Pintxo baten gonbitari ezetz esateagatik epaituak izatearen beldur baietz esaten dugu, baina edateko coca-cola lighta eskatuko dugu. Light-a emakumeok; zero, eskatzekotan, gizonen batek. Eta light-ak izango gara gu ere, gatz gabeak, xinxangreak.

Neurria hartu diogu baskulari, neurrigabeak izateraino. Eta hori guztia gure osasunaren mesedetan, nola ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!