Hegoak eman dizkio musikak Xabi Zubeldiari (Ibarra, 1974). Hegan egiteko hegoak. Etxekoen altzoan entzun zituen lehen kantuak eta akordeoiarekin jo lehen notak, sei urte zituela. Isidro Larrañaga musika eskola izan da urte luzez akordeoi jardunaren habi. Habiatik hegaka joan eta oholtzaz oholtza ibili da. Marrumban hasi zuen musika ibilbidea, geltoki asko izan dituena; azkena, 4nek taldea.
Ibilbide horretan, geltokirik ezagunena Akelarre taldea izango da. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Une ahaztezinak izan ziren eta lagun handiak egin nituen. Niretzat salto handia izan zen; musikari oso handiak zeuden eta horrek nuen onena ematea eskatzen zidan. Aldaketa bat izan zen: profesionalagoa zen eta presioa ere handiagoa zen.
Plazaz plaza ibiltzen zineten, festaz festa.
Urtean ehun kontzertutik gora egiten genituen. Asko eskatzen genion gure buruari, bai norberak, bai talde moduan. Eta exijentzia hori oholtzan islatzen ahalegintzen ginen. Zehaztasun guztiak kontrolpean izatea gustatzen zitzaigun, guztia neurtua izaten genuen. Lau orduko emanaldiak izaten ziren gureak, eta, horrez gain, lau orduko muntaia eta jasotze-lana izaten genuen. Atera kontuak... Euskal Herriko txoko guztietara iristea lortu genuen, baita kanpora joatekoa ere, gure errepertorioa %100ean euskaraz izanagatik.
Egoera asko aldatu zen. Akelarreren amaiera zerk ekarri zuen?
Akelarre ni jaio nintzen urtean sortu zen, pentsa. Oso zaila da 30 urte luzez goian egotea. Plazetatik tabernetara jende asko joan zen; eta, autokritika eginda, ez genuen jakin gure identitateari eusten jende berria erakartzen. Ez zen egoera erraza. Kontratazio-baldintzak okertu egin ziren, diru gutxiago bideratzen zen. Gu bost musikari eta bi teknikari ginen, eta argi nahiz soinu material handia erabiltzen genuen. Ohartzen hasi ginen maila horri eustea zaila izango zela. Eta behera egin baino lehen, pena handiz, ibilbidea etetea erabaki genuen.
Egun erromeri talde mordoa daude, baina ez dute lehen zuten indarra...
Bizitza zikloak dira, baita musikan ere. Berdina ez da izango, garaiak aldatu egiten baitira, baina bueltatuko da jendeak plazak lehen bezala beteko dituen unea. Egun hainbat erromeri taldetan maila altuko musikariak daude, baina mailaz harago, nire ustetan, eskaintzen duzun horretan dago gakoa. Desberdin egingo zaituen horri eustea da arrakastaren giltza.
Zuen oholtza garrantzitsuenak plazak izan ziren Akelarrerekin, baina Euskal Herriko zirkuituan katebegi garrantzitsuak dira gaztetxeak.
Nire hastapenetan Marruma taldearekin gaztetxeetan jo izan genuen eta oroitzapen bikainak ditut. Gaztetxe asko daude erreferente bihurtu direnak beren lan egiteko moduagatik eta kultura beste era batean zabaltzeagatik.
ETBn ere ikusi izan zaitugu. Garrantzitsua iruditzen zaizu telebistan zuzeneko musikak presentzia izatea?
2000. urtean hasi nintzen Egin Kantu zuzeneko saioan. Geroztik hainbat saiotan hartu dut parte. Esperientzia oso bestelakoa da, beste erritmo eta era batean egiten baita lan. Musikariok gogoko duguna lokalean landutakoa zuzenean plazaratzea da eta telebistak apenas egiten du horren aldeko apustua. Egia da kostu handiagoa duela, baina garrantzitsua da, besteak beste, gazteek erreferentzia erreala izan dezaten.
Oraingoan taberna batean joko duzue, Orbelan. Geroz eta taberna gehiagok dute kultur eskaintza bat.
Tabernetan jotzeak xarma berezia du. Gertukoa da oso, hurbil sentitzen duzu jendea. Geroz eta aukera gehiago dago tabernetan jotzeko, bereziki Nafarroan.
4nek taldearekin arituko zara. 4nek, lagunak zaretelako?
Lagunak gara, bai; eta geroz eta harreman estuagoa dugu, gainera. Horrelako proiektuekin alor profesionalean ez ezik, esparru pertsonalean ere inplikatzen zara eta, lagunak garen heinean, elkarri laguntzan diogu.
Noiz erabaki zenuten lagun talde izateaz gain musika talde izatea?
Sekula ez ginen elkarrekin lanean aritu. Ezagutzen genuen elkar, noski, guztiok batera ez bazen ere tarteka topo egin baikenuen. Joseba, Juanpa eta Imanol izan ziren proiektuaren hazia jarri zutenak. Gero batu nintzen ni, eta gero Boli.
Eta ez zarete nolanahiko lagunak elkartu: Akelarreko Juanpa, Sorkuneko Boli, Gozategiko Imanol...
Zakur zaharrak ginela esan zigun lagun batek. Neurri batean, hala da. Urteak daramatzagu honetan. Hala ere, gure lehen urteetako sentsazio berberak dauzkagu, urduritasuna eta gogoa. Musikari handiak dira taldekideak, plazera eta luxua da haien ondoan jotzea.
Lehen hazi horretatik lehen kontzertua ematerako urtebete igaro zen. Urte bat lokalean, sortzen, entseguak egiten?
Oso polita da etapa hori. Elkar ezagutzen duzu, lokalera eramaten duzun ideia berria eraldatzen joaten da...
Pausoa irailean eman zenuten. Ordurako ehuneko ehunean ziur sentitzen zineten edo hori ezinezkoa da?
Futbolean bezala, musikan ere asko entrenatu arren partidak jokatzea eta lehiatzea da behar duzuna. Zuzenekoa da gure termometroa.
Nolakoa izan zen lehen zita hura?
Etxean bezala sentitu ginen lagun eta ezagunen konpainian. Jendea gustura zegoela konturatu ginen. Gure abiapuntua izan zen hura.
Hurrengo kontzertuak Iruñean, Lakuntzan... izan dira. Taldekideak ere naparrak dira, zu salbu. Oraingoan zu izango zara etxekoa.
Ilusio handia egiten dit. Gogotsu nago proiektu berri hau lagun eta herritarrei erakusteko.
Herrian izateak urduritu ala lasaitu egiten zaitu?
Urduri ez, ardura da sentitzen dudana. Asko gozatzea da nire nahia, nola nik, hala entzuleek.
Zerk egiten du 4nek berezi?
Kantak sortzean jarri dugu arreta. Melodia politak, atseginak eta entzuteko errazak sortzen saiatu gara. Ez gara harmonia eta erritmo konplexuak bilatzera joan, baina bakoitzaren ekarpenek asko aberastu dituzte kantuak. Kanta politak egitea da gure xedea.
Taldea
Lagun talde batek osatzen du 4nek, hortik izena. Eskarmentu handiko musikariak dira guztiak: Juanpa Agirre, Imanol Goikoetxea, Joseba San Sebastian, Xabi Zubeldia eta Juanma Urriza Boli. 2014an sortu zuten taldea eta 2015ean igo ziren lehendabizikoz oholtzara, Etxarrin.
Taldekideak
Ahotsa: Juanpa Agirre
Gitarra: Imanol Goikoetxea
Baxua: Joseba San Sebastian
Teklak: Xabi Zubeldia
Bateria: Juanma Urriza Boli
LABURREAN
Inoiz jo duzun oholtzarik bereziena? Ibarrako festetako oholtza
Musika estilo bat aukeratu behar bazenu... Rocka
Musika talde bat? Toto
Disko gogoangarri bat? Akelarreren 1987ko zuzenekoa
Kantu kuttunena? Van Halenen Jump
Pirateriaren alde edo kontra? Kontra