Asteartita 2016

"Faltan botatzen ditudan momentuak erritualak dira"

Olatz Artolak Arantxa Aranburu Arakama elkarrizketatu du inauterien aitzakian. Brasildik, hango eta hemengoak alderatu ditu.

Inauteria aitzakia izan da Brasilen bizi den lagunari nahi adina galdetzeko. Hango inauteriez, bai, baita ozeanoz bestalde bizitzen ari den esperientziaz ere. Bere esanak entzunda, bere esana betetzeko gogo bizia sartu zait, Brasilera bisitan joatekoa.

Eguerdi on!

Bom dia.

Han goiza da, noski.

Bai, hiru ordu gutxiago. (10:43, elkarrizketa egin genuenean)

Brasilen zaude. Hemen inauteriak ondoegi ezagutzen dituzula-eta, hangoak ezagutzera?

Ez, espresuki. Lana medio, hemen bizi naiz eta, bide batez, herrialdea eta bertako ohiturak eta festak ezagutzeko aukera daukat.

Lanera duela urtebete joan zinen. Hortaz, iaz ere izan zenuen hango inauteriak ezagutzeko aukera.

Brasilera 2015eko urtarrilean iritsi nintzen, Eusko Jaurlaritzako internalizazio programa baten bidez. Iaz, Euskal Garapen Agentziak Sao Paulon daukan bulegoan aritu nintzen lanean. Aurten euskal enpresa batean ari naiz lanean, hemengo –Brasilgo– egoitzan.

Nola ez, pasa den urteko inauteriak Rio De Janeiro hirian pasa nituen. Aurtengoak pittin bat lasaiago hartu ditut eta Paraty izeneko herri txiki batean nago. Bertako inauteri giroaz gain, hondartza paradisiako batzuetaz aprobetxatuko dugu.

Rio de Janeiroko festak badu Tolosakoaren antzekotasunik?

Kanpotik ikusita oso desberdinak badirudite ere, antzekotasun asko ditu. Hemen ere musika inauterien osagai nagusia da. Tolosako karroza edo aisialdi taldeen baliokideak hemen blokoak dira. Bloko bakoitzak bere tematika dauka, eta horren araberako musika, batukada eta osagaiak izaten dituzte.

Bloko bakoitzak urteetan zehar bere espezialitatea hartzen du. Bloko ezagun batek, adibidez, The Beatlesen kanten bertsioak egiten ditu. Zuzenean. Beste batzuk MPB –Musika Popular Brasileira– egiten dute.

Dena den, blokoak ez daude soilik inauterietan. Urtarrila eta otsaila osoan zehar ere izaten dira. Eta ez Rio de Janeiron bakarrik, Sao Paulon eta beste hirietan eta herrietan ere egiten dira.

Eta mozorroak, nolakoak izaten dira? Tolosan bezala ileordea jantzi eta festaren parte izan zaitezke?

Klimak ere ez du asko laguntzen. Mozorro landuak ikusteko sambodromora joan behar da.

Zer da sambodromoa?

Inauterietan izaten den samba lehiaketa da. Hainbat eskolek hartzen dute parte. Samba eskola bakoitzak urtero gai bat aukeratu eta horren inguruan dena sortzen dute: musika, dantza, mozorroak, karrozak...

Eskola batzuek emanaldi paregabea egiten dute. Urte osoko prestakuntza eta talde lana da. Hau Tolosako inauterien beste antzekotasun bat da.

Musikaren garrantzia aipatu duzu, baita samba ere. Unibertsal bihurtu den musika komertzialak ere han badu presentzia?

Hemen kalean entzuten den musika ia guztia bertakoa eta popularra da. Musika gehiena ao vivo da, hau da, zuzenean. Eta musika komertziala entzutekotan hemengoa izaten da, brasildarra.

Hala ere, Brasil oso aberatsa da musikalki eta sambaz gain beste musika mota asko daude: forró, certanejo, bosanova...

Azkenekoz Tolosan bisitan izan zinenean, parrandara atera eta horretaz kexatzen zinen. Hemen aldaera askorik ez dagoela, parrandan kultura musikalik ez dagoela.

Euskal Herria musikalki oso aberatsa da, noski, baino parrandan ez da islatzen. Hemen edozein lekutan afaltzen zaudenean bi edo hiru pertsonek instrumentista batzuen laguntzaz zuenekoak eskaintzen dituzte.

Nahi izanez gero, noski, musika komertziala, elektronikoa eta abar ere badago, baina gehienetan diskoteketan entzuten da musika estilo hori.

Txarangak ba al daude?

Txaranga moduko taldetxoak bai, baina ez daukat aukera Tolosako betiko kantak entzun eta lagunen atzetik saltoka joateko.

Horrek herrimina sortzen dizu?

Faltan sumatzen ditudan beste momentuak erritualak dira: txupinazioa, diana, alborada, sardinaren entierroa... Eta bai, noski, herrimina sortzen dit, txikitatik bizi izan dudan zerbait da.

Argazkiak eta bideoak ikusten inbidia asko pasatzen dut. Baina, azken finean, hemen beste gauza on asko dauzkat urte osoan zehar eta ezin ditut horiek sakrifikatu inauterietan hor egoteagatik. Dena ezin da... Hala ere, espero dut datorren urtean Tolosan egotea.

Erritual horietan guztietan egon ohi zara. Festa non, Arantxa han.

Oso garrantzitsua da hitzordu horietan parte hartzea. Bestela, ohitura horiek galtzen joaten dira eta horiek dira inauteriak beste edozein festetatik desberdintzen dituztenak.

Ohituraz ari garela... Aurten ostegun gizen gauean txilaba jartzeko deia egin dute. Zer iruditzen?

Egia da denborarekin ohitura asko eboluzionatzen joan direla eta, berez, ez du zertan hobeagoa edo okerragoa izan behar. Desberdina da. Txilabaren kasuan ondo iruditzen zait bultzatzea, inauterietan oso errepresentatiboa den zerbait delako. Hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zer egin.

Han badago halako ohiturarik?

Orokorrean jende gehienak osagarri desberdinak erabiltzen ditu. Aparte, bloko, sanba eskola eta horrelako taldeetan kide guztiek kamiseta berdina erabiltzen dute. Ziur ohitura pilo bat egongo direla oraindik ezagutzen ez ditudanak.

Eta zuek, mozorrotzen zarete?

Mozorrotu ez, buruan osagarriren bat jartzen dugu, pinturarekin margotu... eta listo! Esan bezala hemen mozorrotzeko ohiturak desberdinak dira, bero asko-asko egiten du eta horrek zaildu egiten du. Nahiz eta mozorro gutxi batzuk landuak ikusi, ideiak orokorrean oso sinpleak dira. Ez dago Tolosan bilatu dezakezun parodia kutsu horri.

Iaz asko kostatu zitzaidan modu horretan mozorrotzea. Nire honetan pentsatzen nuen: Tolosan horrela ikusiko balidate...

Zu, gainera, Tolosako herriarekin lotutako mozorroak egitekoa zara, originaltasuna bilatzekoa.

Zortea daukat kuadrillako guztiei gustatzen zaigulako, dauzkagun ideiei bira bat eman eta gai horren inguruan guztia prestatzea gustatzen zaigulako. Ez gara oso zaleak mozorro bat aukeratu eta zerikusirik ez daukan dantza bat eta zerikusirik ez daukan musika bat egitearenak.

Aurrekoan karroza prestatzen ari ginela, taldekide batek hori komentatu zigun, lehen mozorroari lotutako antzerki gehiago egiten zela eta esentzia hori galtzen ari dela. Karrozak musika jarri, parranda egin eta dantza batzuk egiteko erabiltzen genuela.

Posible da, bai. Lehen kontatzen nizun eboluzio naturak horren parte da. Geroz eta gazte jende gehiagok hartzen du parte karrozetan eta konpartsetan. Posible da hasierako urteetan parranda egiteko asmoarekin ateratzea, baina, denborarekin, helburua aldatzea. Hori pentsatu nahi dut behintzat.

Tolosarrok pentsatu ohi dugu –ziurtasun osoz eta harro esan gainera– munduko inauteri onenak Tolosakoak direla. Baino munduak ba al du Tolosako inauteriren bat.

Nik uste dut Rion egon eta gero esan dezakedala Tolosako inauteriak munduko onenak direla. Baino orokorrean esango nuke Gipuzkoatik eta Euskaditik kanpo ez direla ezagunak. Agian horregatik gustatzen zaizkigu horrenbeste, tolosarretatik sortutako eta tolosarrentzat festak direlako.

Iaz Rion izan zinen. Aurten Paratyn ospatuko dituzu. Han ere, Rion bezala, blokoak-eta daude?

Bai, esentzia berbera da. Blokoak eta kalean festa, baina ez dago Rioko masifikazioa. Hori eta hondartzak, nire aurtengo inauteriak.

Hemen, guk, hondartza gutxi... Herrimina sendatzen lagunduko dizu horrek.

Bueno, bai, azkenean kanpoan gaudenon artean zortea daukatela esan dezaket, oso inauterizalea den herrialde bat tokatu zaidalako. Behintzat egun hauek ez ditut bulegoan sartuta pasa behar. Opor txikiak dauzkat hondartzan eta inauteri giroan pasatzeko. Horrek herrimina –edo hemen esaten de moduan, saudades– sendatzeko balio du.

Eta inauteriak iragartzeko Hungariatik kaldederoak joaten al dira?

Nik dakidala, behintzat, ez. Inauteriak iragartzeko, mini-inauteriak dauzkagu. Aurreko bi, hiru asteetan zehar aurre-inauteriak ospatzen dira. Eta, ondoren, inauteri ondorena.

Orduan ez da astebeteko festa...

Ia, guztira, bi hilabete oso dira festan inauterien aitzakian.

Eta, gainontzean, inauterietatik harago, beti festan bizi direnarena topikoa al da?

Kontuan hartu behar da Brasilek dimentsio kontinentalak dituela, Europa guztia baino handiagoa den herrialde bat dela. Eta, ondorioz, errealitate oso desberdinak daude. Paulistanoak –Sao Pauloko biztanleak– adibidez lanerako bakarrik bizi direla esaten da hemen.

Nik ezagututakoaren arabera, orokorrean, lan asko egiten dela esango nuke eta baldintza okerragoetan. Opor gutxiago eta ordu gehiago egunero. Hala ere, beste lasaitasun eta patxada bat dago hemen, baita lanerako ere. Bestalde, egia da, lanetik kanpo edozein aitzakia dela ona barbakoa –churrasko– bat antolatu eta festa egiteko.

Gu bezala, orduan, aitzakia segituan bilatzen dugu jan-edanean aritzeko.

Oso kultura zabaldua da eta etxe gehienetan komunitateak dauka churraskoa egiteko lekua. Zuri lagun, lankide edo ezagun batek gonbidatzen zaitu eta zuk jende gehiago eraman dezakezu. Gehienbat haragia jaten da, baina baita gauza gehiago ere. Pao de alho, adibidez.

Zer da hori pao de alho?

Batxuri-ogia.

Zentzu horretan, beraz, hemen baino irekiagoak dira Brasilen.

Jendeak segituan hitz egiten dizu lagun gisa. Baina kulturala da hori. Diferentzia handia da, hasieran pittin bat biolentoa eta dena da batzuetan. Hala ere, hasieran batean baietz ematen badu ere, lagun on onak egitea ez da erraza.

Amaitzeko, zerbait gehituko zenuke?

Brasil bere topiko guztiak baino askoz gehiago dela eta ezagutzen duen leku bat dela, 100 %. Niretzat, askotan, zaila bada ere etxetik kanpo egotea, izugarrizko esperientzia pertsonala eta profesionala ari da izaten. Ni ez nintzateke pertsona berdina izango esperientzia hau bizi ez banu.

Kanpoa joateak laguntzen du, beraz, herrialdea ezagutuz topikoak hautsi eta zure burua gehiago ezagutzeko.

Erabat. Nire kasuan, etxetik 8.000 kilometrotara dagoen hiri berri batera iritsi nintzen jakinda urte betean ez nintzela itzuliko. Egoera horrek erosotasunetik ateratzea behartzen zaitu: hizkuntza berria, jende berria, ohitura berriak... Prozesu horretan burua asko zabaltzen da eta asko ikasten da.

Erosotasun horretatik ateratzeari beldurra al diogu?

Bai. Zalantza kudeatzen jakitea ez da erraza batzuetan. Ondo atera daiteke edo gaizki, baina saiatu gabe sekula ez dakizu. Halere, orain modan dago atera behar hori eta ez du zertan pertsona guztientzako horrela izan behar. Askotan geroz eta gehiago ateraz gero, geroz eta gehiago nahi duzu eta zure betiko inguruarekin inkonformistagoa zara.

Eta balio al dezake sorterrian duzuna baloratzeko?

Baita ere. Zuretzat ohikoak diren gauza asko ez dituzu edozein tokitan aurkituko.

Inauterietan, baina etxetik kanpo dago Arantxa. Burua sorterrian eta txarangen doinuak entzun ahala nostalgiarekin. Brasilgo eguzkiaren goxoak gozotuko dio samina, behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!