Kuadrilla: laguntasunaren gotorleku?

Laguntasuna goratzeko sozialki itundutako egun zehatzak: Gabon Eguna, Urte Zaharra, Ostegun Gizena, Zaldunita, Asteartita eta sanjoanetako kuadrillen eguna. Sozialki «lagunkoi-onartua» izateko pasea da kuadrillako kamiseta. Zirkulu —sektario— itxi bateko whatsapp taldeko kide izatea da «lagun on-ziurtagiria». Besteak beste. Kuadrillen-erregimenak arautzen du batak besteak baino egunago direla, eta efemerideetara ekartzen ditugun egunetan behar dugula egon, konplitu, izan «lagun».

Kuadrillismoak badu enigmatik. Gezurretik. Beldurretik. Beharretik. Lotuko ez zaituzten harreman sare instituzionalizaturik gabe bakartia eta bakarra baitzara. Baina, kuadrillak ere badu laguntasunetik. Laguntzatik. Enpatiatik. Maitasunetik. Aske sentitzen zaituzten lotura derrigortu gabeak bat egitean gertatzen da hori.

Eta kuadrillen itun sozialak derrigortutako egutegiari efemeride bilakatu diren zitak gehitzen zaizkio: tabernak ordubete gehiago izatearen aitzakian egiten diren festak —gozo bukatzen dugun Tolosa Goxoa, kantariei entzun ez baino kantuan franko egiten dugun Abesbatzen Lehiaketa, kasu—, Izaskun auzoko danborrada, asteburu honetako babarrun jana... Eta baturaren baturaz, 365 egun zehatz zerrendatu arte.

Ezer eta festa izanagatik, dena ospatzea ez izatea. Egutegian izenik eta izanik ez duten egun horiek ere kuadrilla eguna izatea. Kuadrillako kamiseta laguntasunaren oskol izan beharrean, presentzia hutsa babesa izatea. Gizartearen norabideari men egin beharrean, adinean gora egin ahala, kuadrilla laguntasunaren gotorleku izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!