Distantzia eta ez distantea

Distantzia. Horren konplikatua eta sinplea. Batzuk mila kilometrora, bihotzetik gertu, alegia; beste batzuk bertan bizi eta horren urrun.

Ihes egin nahi zenuten. Zeundeten lekuan ez zinetela zenioten. Ihes, ihes, ihes egin nahi zenuten. Zuen bila ihes. Bihotz arrotzetatik erbesteratu. Naufrago ibili intxaur oskol batean. Gorantz erori.

Zuek urrun. Eta nik, sentimenak horren hurbil. Beldurrez, izotzetan daukat beratzen bihotza. Min hartzeko beldurrez ibiltzen bainaiz, eta horrela ezin liteke bizi. Eta hara! Konturatzerako izotz puska handi bat naiz. Esperoan. Egun zehatzen esperoan. Atzamarrak nekatu egiten zaizkit egunak kontatzen hasten naizen bakoitzean. Ordutan zenbatzean. Egutegiak zertan egiten dute mesede? Kalkulu hutsez ulertu ezina da distantzia.

Belarrira esan nahi dizkizut ozen konta ezin daitezkeen gure arteko istorioak, maite zaitut ezpainak ireki gabe. Ezin esan elkar. Presentzia hutsarekin lasai sentiarazi nahi dut, keinu huts batekin babesa eman. Elkarrekin ezin eman.

Sentimenduak ez dira inoiz izan, batzuk saldu nahi duten bezain azalekoak. Zergatik egiten dugu irri elkarrekin eta negar bakarrik? Zergatik bizi beti berdin? Zergatik bizi denok berdin? Zergatik azaldu ziur zaudenean? Zergatik ez? Galdera bakoitzak, erantzun desberdina. Geure erantzunez, egin dezagun geure bidea. Eta zango herrenetik pauso zuzenak emango ditugu.

Bakarrik ez zaudetelako, ni bezala asko direlako zuetaz inoiz ahaztuko ez direnak. Joan zineten, baina hemen zaudete oraindik. Eta bihar ere, hemen izango nauzue, inoiz baino gertuago; eta distantzia, ez da muga izango, gure artekoa hausteko.

Besarkada estu bana Tolosatik Londresera eta Lieslera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!