Zu gabe ez naiz ezer

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko irailaren 13a

Hasi da marra zuzenak botatzen. Tematu da guztiak harilkatzen. Lotzen. Lotu ditu sorreratik, gizartearen inposiziozko ordena kronologiko biologikoan, hasieratik. Baina hasterako, akabo.

Filmean ikusitakoaren maitasun istorioa marraztu du, geroa mugatu du, ustez utopikoa den topikoz osatutako harremana burutik burura prefabrikatu du. Maitasun erromantikoaren mito guztiak paper zurian islatu eta, behingoagatik, maitatua sentituko den maitasun amodioak bakardadearekin amaituko duela sentitu du. Idatzitako gidoiak poztu du. Modu bakarra baitago soltera izatearen eskizofreniarekin bukatzeko: maitatzen ez duen harreman monogamioa.

Hotz denean lagako dio bere txaketa. Eta emango dituzte musuak euripean. Eta izara arteko jolasekin hasterako, josiko dute logela kuxinaren lumekin. Eta jaikitzerako emango dio egun ona gosariarekin. Eta etxeko sabaia margotzen hasi eta burutik oinetaraino elkarri margotuko dira.

Eta orain esklusiboa izango da mutilarentzat. Soilik berea izango da. Beretzat baizik ez du begirik. Libre sentituko da askatasuna mugatuta. Aske, preso egonda. Eta besteren bati begiratuz gero, jeloskor sentituko da. Jeloskortasuna, maitasun keinurik egizaleena baita.

Egiazki, maitasun erromantikoaren beharrik ez dugu zoriontsu izateko, beste erdirik subjektu oso izateko. Betierekotasuneko eta menpekotasuneko harreman bat idazten hasterako, hobe Anarik idatzitakoak berridaztea: Etzaidazu esan zu eta ni idatzita gaudela, eta hemendik aurrera dena itxoitea dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!