Nintzelako naiz

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko uztailaren 12a

Nunca juzgaré idatzi genuen eta batek z galdu zuen. Nunca juzgaré. Nunca jugaré a juzgar. Nunca. Sekula. Inoiz ez.

Ja.

Omen nintzelako, edo uste dutelako nintzela, naiz. Harroa. Harroputz jokatzen omen nuelako baloiarekin. Jokatzen besterik ez nekielako, egun ez dakit jolasten. Irabazi egin nahi nuelako, sekula ez naiz izan irabazle. Nola futbolean, hala esparru guztietan.

Lotsarik gabe lehiatzen nintzelako, naiz lotsagabea. Lehiakorra nintzelako, naiz oraindik aurkaria. Emakumetasunaren estereotipoen aurkakoa nintzelako, naiz marimutila. Marimutila omen nintzen takoien ordez takodun zapatilak nituelako gustuko. Takoak esaten nituelako, ezin orain takoiak jantzi; deseroso sentitu behar eroso sentitzen naizenarekin.

Oskol azpian ziur ez sentitu, oskola ezkutatzeko delako eta naizena ezkutatzen dudalako. Ziurgabe, antzezlaneko paperarekin deseroso sentitzen naizelako. Antzerkiak gustuko ditudan arren, antzeztea gustatzen ez zaidalako. Naizena gorde eta ez naizena izan behar dudalako. Hala behar du, horrela omen nintzelako.

Nunca jugaré idatzi nahi nuen, baina batek z tekla zapaldu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!