Ezker eskuin

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko ekainaren 12a

Alkate-makila eskuz aldatuko da, ezkerretik eskuinera, eta beldur naiz. Eskuinak eskubidea eta eskuina nahastuko dituen beldur.

Aginte-makila hartu eta –hatz erakuslea balitz bezala– aginduko diguten beldur. Duen eskuaz baliaturik, beharrekotzat ezarriko digutenaren agindupeko izatearen beldur. Menpean duten bezero izatearen beldur. Ordaindu eta arazoak konponduko dizkidaten politiken beldur.

Aginte-makila eskuz aldatuko da, pertsonatik pertsonara. Udalaren kolorea aldatuko da, berdetik berdera. Udalbatzaren itxura aldatuko da, hamazazpitik hamazazpira. Eta, herritarren papera aldatuko da? Komunitateko kide izatetik erosle izatera pasako gara? Kontsumitzaile izatera? Obeditu besterik egin beharko ez duen jendartea bilakatuko gara?

Baliteke.

Hori gerta ez dadin ondorengoa eskatzen dio bihartik aurrera gurean boterean izango direnei, guztiei: herriak bozkatu zaituzte, beraz, aintzat hartu herritarrak. Herrigintzan oinarritutako politikagintza egin. Izan politikari, izan herritar. Ez dugu obeditu nahi, erabaki egin nahi dugu. Erabakiak hartu guri erabakitzen uzten. Hedabide nagusiek markatzen dituzten politika lerroetatik urrundu eta gerturatu gertukora, tokikora. Tokian tokiko politika egin. Egin; ez egingo duzuela esan eta hitza ez bete. Herritarrei hitza eman. Hitz-aspertuak izan herritarrekin, baina ez aspertu herritarrak hitz estaliekin.

Zorte on.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!