Nik zurekin bai baina zuk nirekin ez

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko ekainaren 7a

Egun popan dagoen estiloarekin bat datorren elastikoa jarri dio alabari, bera gazte zenekoa. Azpitik beste bost bat kamiseta jarri dizkio, badaezpada, ez hoztearren. Marroixkak dituen galtza motz zuriak. Galtzerdi gorriak, belaunetaraino igota. Zapatilak. Eta eztarria goxatuko dion buffa. Zitak hala eskatuta, berak ere kamiseta berdea jantzi du.

Hartu dute autobusa. Herria oraindik ez denean, goiztiar dabiltza. 106 kilometro dituzte aurretik, Bilbo Handia dute jomuga. Ordu eta erdiko bidaia agudo pasatzeko, atzeko eserlekuetan dauden gazteak kantuan hasi dira. Kantu herrikoak abestu dituzte; kantuan jarri dute autobusa.

Errioaren aldamenean utzi ditu autobusak. Berdez jantzita dago hiria; txuri, gorri eta berdez, San Mames Barria. Trikiti eta pandero doinuek dantzan jarri dute sekula dantzatu ez duena ere, talo usain goxoak hamar metroko ilararen atzean jartzea bultzatzen zaitu. Dena da aberkoia.

Aberria maite duten milaka abertzalek hartu dituzte Bilboko kaleak. Milaka buru, sentimendu bat. Guztiak sentitzen dira familia, zuhaitz genealogiko beraren parte. Nazio batek selekzio bat behar duela sutsuki eskatuko dute pankarta baten atzean oihuka jarrita. Iritsi dira futbol zelaira. Bete dituzte harmailak. Jokalarien zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak. Zabaldu die deiadarra jokalariei. Txalo artean zelairatu dira.

Xiiiiiii. Hasi da Euskal Herriko ereserkia.

Piiiiiiiii. Hasi dira txistuka aurkarien zaleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!