Inauteriak 2015. Prestaketak

#tolosakoinauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2015eko otsailaren 8a

Inauteri alaiaren iragarle gu gara, bai! Bai?

Anuntziatu dute, bai, badatozela; eta, suziriaren pum hotsa entzuterako hasiko da txoria txioka, joskerarik tolosarrenean: #tolosakoiñauteriak. Tolosako Inauterien oihartzuna mundu osora zabalduko duen plataformaren aldeko apustu irmoa egin du Udalak, elkarbanatuz edukia sortzeko asmotan. Partekatzea eta parte hartzea, hitz puztuak, hautsi dituztenak. Hitzaren malabaristak direnek, ea zer dioten. Ongi etorri gure zirkura?

Itoan daude tokiko hedabideak eta naufrago utzi dituzte intxaur oskol batean, guztion artean tosta ederra osatzea zegoenean. Arraun batera eginez gero, askoz hobe; paladaz palada, tolosarroi ohikoak zaizkigun Ostegun Gizeneko Txupinazoa edo Zaldunitako Diana ezezagunak zaizkigun ikuspegitik kontatuko zenizkiguten. Elkarlanean. Dauden giza baliabide eta baliabide teknikoei behar adina baliabide gehituz. Herriko hedabide eta herritarrekin, herritik eta herriarentzat. Baina, ez. Ataria-k eta 28 kanala-k belar motzean lan egiten ikasi beharko dute, belar onean haztea zeinen erraza den ikusten duten bitartean.

Mundura zabaldu baino lehen, herrian ereindakoa eta sustraitutakoa aintzat hartu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!