Kontzertuak futbol derbiak dira

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Artola Apezteguia 2014ko abenduaren 21a

Arratsean, irratia 89.6 frekuentzian sintonizatu dut, musika entzuteko asmotan. Musika entzun ez, eta musikaz hizketan entzun dut Xabi Erkizia: musika taldeen kamisetak zen gaia.

Musikazaleen maskarak dira –ziren– musika taldeen kamisetak. Maskarak, ez mozorroak. Zalearen begiak eta belarriak ordezkatzen zituzten; pentsamoldea eta pentsaera. Armarria, ez oskola. Musika zaletasuna ez ezik, balio sistema osoa definitzen zuen soinean zeneraman elastikoak. Ideologia, doktrina filosofikoa. Rolling Stones, Pink Floyd, Sex Pistols edo Ramones. Iruditegiaren panteoian zeinu kapitalista eta politikoez gain, musika taldeen logoak daude. Sinbolo bilakatu diren logoak.

Ameriketako presidentearen zigilua. Olibondoaren adarraren ordez, sagarrondoarena. Beisboleko batea. Arranoak mokoarekin eusten zuen leloa ez zen E pluribus unum. Mundu erdiak soinean daraman leloa da, nahiz eta, ziurrenik, latinezko esamoldea bezain hutsala izan berentzat: Hey Ho, Let’s Go. Ez da musika taldea jada; ez ofizialki, ez sinbolikoki. Ikonoa geratu zaigu.

Pull and Bear. Neguko denboraldia. Rock elastikoak gizonezkoentzat. Testuingurutik guztiz atera dute Ramonesen –eta beste askoren– logoa. Funtsik gabe utzi dute hasierako xedea, apaingarri sinplista bilakatzeko, haratago doan mezurik gabe, erakargarritasun bakarra marrazkia izanik.

Futbola aitzindaria da horretan. Klubak arrakasta sozialaren keinu bihurtu dira, ez koloreekiko sentimendu. Partidistak izan ordez, Ronaldistak edo Messistak –eta ezin zerrenda asko luzatu– bihurtu gara. Kamiseta ofizialez gain, izarrak posean serigrafiatzen dituzte elastikoetan. Jokalari kuttunaren zapatilak Olentzerori, eta jokalari maiteak promozionatzen dituen Armaniak erregeei. Bera izateko desioa elikatuko dute, diru bilketa hezitzaile batean 8 urteko haurrak kromoetako izar bilakatuta.

Xabi Erkiziak zioen bezala, estalitako kontzertuek futbol derbiak dirudite.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!