Trr, trr. Familia giroan loak hartzen ari zarela, alarma beharrik ez; WhatsApp-ak uneoro abisatzen dizu zein ordutan, nor, non, norekin eta zertan dabilen. Selfie nartzisistak. Mezu desinformatiboak. Harreman plastikoak, uraren parekoak: gero eta kontaktu –via pantaila– gehiago, gero eta hotzago.
Laguna ia prest dagoela dioen mezuak, ordea, sofatik altxatzeko balio izan dizu; atseden hartzean baino nekatuago. Tik bat, bi tik. Bi tik urdin. Nola ba sofan geratu irakurri badut?
Ur beroaren azpian sartu eta denbora asmatu zuenak egindako ekintza militarrari kontrajarri zara. Ito dituzu nekeak. Eskuoihalarekin ezkutatu dituzu lotsa-inposatuak eta bizi-bizi egin duzu korridoreko bidea. Ispiluaren parean berandutu zaizu. Trr, trr. Trr, trr. «Zertzabiltz? Zai nao».
19:00. Eztarri egarritua eta Euskal Herri plaza. Zerbeza bat; ez, bi. Mahai gainean mugikorrak, trr eta trr. Arratsaldekok ezagunak ordu txikitan lagun direla ziurtatzeko txupitoa, topa eta guzti. Ziurtagiri gisa, argazkia, Trr, trr. Sarera igo eta etiketatu zaituela dioen abisatzen dizun mezua.
Musikaren erresonantziak bihotzean uhinak sortzen dizkizu. Gorputza inerte, eta inertziaz elektro latinoa dantzatzen. Bateriak pott egin dizu, eta zuk, zer egin ez dakizu. Poteo, bueltilla eta goizeko 6:00ak.
11:00 inozentziaz jarritako alarma-hotsa. Biharamuna: bihotzean tiritak eta garunean erresaka. Gorputza minduta, burua ahaztuta. Ur hotzaren azpian sartu. WhatsApp-a hasi da dantzan. Trr, trr.