Postontzia irekitzen dut egunero-egunero. Labetik atera berria den egunkaria besazpian gorde, igogailuan sartu eta nora joan behar duen agindu orduko atzekoz aurrera irakurtzen hasten naiz.
Udako oporretan ez postalik, ez postontzi Atariadunik. Giltza biratu eta hautsa besterik ez. Hautsak harrotzen dituzten albisteak, politikarien harrotasunak paperera ekartzen dituzten hitzak, objektibotasunean oinarritutako politika subjektiboz tratatutako gaiak, objektibopetik ateratako argazkiak, istorioen argazki historikoak eta herri honen historia nahiz egunerokoa ulertzeko giltzak falta. ATARIA etxeko atarira ez iristea faltan sentitu dut.
Eta orain, faltan sentitzen dut gure herriaren erabakitze eskubidea hizketagai izatea. Katalunian egin zen Diada, haren bidetik egingo den erreferenduma eta Eskozia estatu independente izatea erabakitzeko galdeketa izan dira azken asteotan lerroburu.
Bazkalosteko kafeak erraz luzatzen dira lurralde katalanei begira eta Eskozian gerta zitekeenaren inguruan hausnartzen, baina niri afalosteko kafeak bezain besteko lo galera ekarri dit gaiak.
Eredugarritzat ditugunen itzalpean eraiki nahi dugu geroa; izan estatala, izan pertsonala. Baina txorimaloen gordelekuan ezkutatu ezkero ezer gutxi aldatu dezakegu.
Bideo-joko aktiboetan pasiboki jolasten badugu, telebista begiratu baina ikusten ez badugu, marihuanaren eta alkoholaren kiratsak gaztetasun airearen lekua hartzen badu, neguko euritea eta udako eguzkia lau paretek ordezkatzen badute, ezer gutxi aldatuko dugu. Biharko egunean lokaletik kalera irten ez izanaren falta sentituko dugu.