Maialen Lujanbiok sinadura hori utzi zuen Euskadi Irratian. Eta badirudi guztiok sinatuko genukeela Cuadrila busca cita emititzez uzteagatik, programazio taulatik desagerrarazteagatik. Eta badirudi lortu dugula, bete dela guztion nahia.
Jasotako eskaerengatik eta sare sozialetan sortutako zurrunbiloarengatik baztertzea erabaki du Euskal Telebistak. Txiokatu dugu gogoz eta harrotasunez elkarbanatu dugu Facebooken programaren aurka. Etxeratu orduko, ordea, urrutiko agintea hartu, bost zenbakia sakatu eta Hombres, mujeres y viceversa ikusten jartzen gara. Edo Granjero busca esposa, edo Un principe para Corina, edo Quien quiere casarse con mi hijo.
Ez alde eta ez kontra. Ez dugu txiokatuko ez eta bertxiotuko saio hauen inguruan. Nola ba? Sekretupean gordetzen dugu gure telebista kontsumo erreala eta plazaratzen dugu irreala. #Auzolotsa sentitzen dugula diogu, baina, izatez, #autolotsa da sentitzen duguna.
Gazte sortzaileen talentua saritzen den lehiaketa da Eikenbank. Cuadrila busca cita txapelketa horren fruitua da. Zer saritzen da? Morboa. Zergatik? Morboa kontsumitzen delako. Kontziente gara oker egiten dugula, badakigu telezaborra kontsumitzen dugula... baina ezin tentaldiari eutsi. Hiperkontsumoaren gizartean bizi gara, non guztia muturrekoa den. Etxeko telebista zintzoa eta zuzena izatea nahi dugu, baina horia dena ikusten dugu. Nola nahi du ikusleak ETBk bizirautea?