–Unax, etorri honea merienda jan behardeu ta– ama semeari oihuka.
–Pues sí, hoy también en la Ikastola les han dado un papel que hay plaga de piojos…– emakume berbera jolasparkeko kide den emakumeari.
Haurrari euskaraz; bizkarra eman orduko, ordea, castellanoz. Etxean ere, umeari euskaraz eta bikotekideari erdaraz. Badirudi nahikoa dela haurrari –eta animaliei, noski– euskaraz zuzentzea. Zilegi dela buelta erdia eman eta espainolez aritzea, haurrak jada entzungo ez balu bezala. Betebeharra burututa, lasai eta euskaldun sentitzen dira; baina, euskaraz egitea obligazioa al da?
–Egun on, amona zein gelatan dagoen jakin nahiko nuke…– Asuntzion Klinikako sarreran, Hemen Euskaraz bai! kartela irakurri eta gero, ziur, euskaraz.
–Kaixo. Sí a ver, en la segunda planta, en la habitación 211– erantzun du harrerako gizonak.
Uemako kide da Tolosa: udalbatzak kide izatea onartu du, Uemaren batzar nagusiak onetsi, kuota ordaindu du eta %70ak, gutxienez, euskaraz daki. Baina erabili? Euskara jakin bai, erabili ez guztiek; karteletan euskara baina ahoan erdara. Euskara jakitea euskaraz bizitzeko lehen pausoa da, baina eguneroko bizitza euskara hutsean egiteko erabili egin behar da.
Euskara osasuntsu dago Tolosan, baina baditu senda daitezkeen zauriak. Egin dezagun euskaraz parkean, euskaldundu ditzagun espazio publiko nahiz pribatuak. Izan gaitezen euskaldun oso: entzun, erabili, gozatu eta ospatu dezagun euskaraz; bihurtu dezagun Tolosa arnasgune. Arnasguneak baitira euskarak dituen birika osasuntsuenak.