Independizatu orduko, lotu

Hipoteka: Obligazio, mailegu edo diru-zorra bete edo ordainduko dela bermatzen duen kontratu eta eskubide erreala, ondasun higiezinen gain ezartzen dena.

Etxe propioa behar dugu, gurea eta ez beste inorena. Badirudi ez dagoela besterik, hori dela aukera bakarra, hori dela egin beharrekoa. Ondasun pribatu bat edukitzeagatik hipoteka batean sartzen gara. Hori da arrazoia? Etxeagatik?

Ez. Besteen interesak gure nahiak bihurtu dituztelako. Oinarri sendo gabe, taxuzko arrazoirik gabe egiten dugu hipotekaren aldeko apustua. Superlatiboan hitz egiten dugu etxe bat edukitzeaz hitz egiten dugunean, hipoteka aukera onena bailitzan.

Eta alokairua? Eta alokairu soziala? Hipotekaren alternatibak egon badaude. Ez zara zorpetzen: ez zu, ez familia. Etxe propio batek eman diezazukena ematen dizu; lau pareta. Estalpea. Babesa. Zure sentitzea zure esku dago. Halaber, segi pentsatzen gizajoa dela hipoteka ordaindu behar ez duena; eta zorteduna, hipotekatua.

Hipotekatu: Ondasun baten gainean hipoteka ezarri.

Erraz darabilgun hitza. Esanahia, aldiz, badirudi azaletik besterik ez dugula ulertzen; sakontasunean ez dugula aztertzen. Ekar ditzakeen ondorioak aski gogorrak dira, begi bistakoa da, azken boladako gertakariei so egiten badiegu. Halaber, guk, berdin jarraitzen dugu. Bota firma, hartu kreditu txartela eta are geureagoa izan dadin gure gustuko altzairuak erostera, etxeari distira ateratzera.

Ez zara zu soilik hipotekatzen. Sarritan, gurasoak ere hipotekatzen dituzu, bigarrenez. Eta noizbait zu guraso izanez gero, hipotekatutako seme-alabak jaioko zaizkizu. Hipotekatu: independizatu orduko, lotu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!