Urte berezia

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Usandizaga 2020ko abenduaren 14a

Urte berezia izan da aurtengoa, ezberdina. Urteari begirada azkar bat botaz, batek baino gehiagok esango luke urte tristea izan dela: etxean igaro dugula denbora gehiena, eta kalean igaro ditugun ordu horietan ez garela guztiz seguru sentitu. Lehen hain gertu genituen horiek inoiz baino urrutiago sentitu ditugu. Elkarrekin egoteko eta elkarri min emateko beldurra gailendu dira gainontzeko sentimenduen artean. 

Baina esperientzia txar guztietatik zerbait ikasten den bezala, gauza asko erakutsi dizkigu urte honek. Erakutsi digu momentu bakoitzean gertatzen dena bizitzen. Geroari begiratu ordez, egunerokoari erreparatzen eta epe motzetan oinarritzen egunerokotasuna. Epe luzera egindako planak arriskutsuak dira gaur egun; ez dakigu ez non, ez nola egongo garen laster. 

Baita ere erakutsi digu ia ezer ez dagoela gure esku. Orain arte pentsatzen genuen mundua gure zilborraren inguruan biraka zebilela. Ikasi behar izan dugu unibertso erraldoi honetan garrantzirik ez dugula. Une batetik bestera denak 180 graduko itzuli bat eman dezakeela. Gure bizitza egun batetik bestera guztiz alda daitekeela eta dena orain arte ezagutzen genuen bezala goitik behera eta ezkerretik eskuinera aldatu.

Ikasi dugu askatasuna eta segurtasuna direla egunerokotasunean gehien baloratzen ditugunak. Nahi dugunean nahi dugun lekuan egotea. Orain berriz, askatasun hori guztiz desagertu zaigu. Beharbada, lehen egunero egin genezakeen zerbait, orain egiten dugun azken aldia izango da denbora luzez.

Horregatik, orain inoiz baino gehiago, daukagunari estu heldu beharko genioke. Hain arrunta iruditzen zaigun hori inoiz baino gehiago zaindu eta gozatu beharko genuke. Eta, badaezpada ere, azkeneko aldia izango balitz bezala bizi.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!