Badira urteak, mordoxka, gaztetxea, gure etxea! zenetik. Eta beti izan ziren gure etxeak, nola ez, herrikoa ez ezik baita inguruko guztiak ere. Harrezkero, emakumeenak izan dira gazte gineneko haiek bezainbesteko aterpe sentipena sorrarazi didaten etxeak. Nire kasuan, ile-zuritutako sasoian egokitu zitzaidan Donostiako emakumeena izan da azken hamarkadan pareko berotasuna eskaini zidan gaztetxe haien hurrengoa.
Bertako babesak eta elkartasunak ez du parekorik. Izan ere, bertaratu naizen aldiro sumatu izan dut ataritik bertatik espazio seguruan zapalduko nuela, kale hotzetik atari epelera urratsa eman izan banu bezala.
Emakumeon etxea niretzat une politetan, zein gordinagoetan, behar adinako sentsibilizazioz artatua izan naizen lekua da. Trukean ezer eskatu gabe jaso dut nire egoerara eta beharretara egokitutako zerbitzu serio eta kalitatezkoa. Eta ez behin. Ezta birritan ere, baizik eta behar izan dudan bakoitzean.
«Emakumeon etxea niretzat une politetan, zein gordinagoetan, behar adinako sentsibilizazioz artatua izan naizen lekua da. Trukean ezer eskatu gabe jaso dut nire egoerara eta beharretara egokitutako zerbitzu serio eta kalitatezkoa»
Derrigorrezkoa zen, beraz, ezinbesteko gizarte zerbitzu batek izan behar duen bezalaxe, emakumeen mugimendu geldiezin honentzat andreok babeslekua geure beste etxeetatik gertuxeago izatea errazago saretu gaitezen, batez ere, egoera garratzenetan.
Eskualdeko andrak, gora! Badugu-eta dagoeneko bailarako andre, emakume zein neska guztiei etxeko beroa eta plazako arnasa emango digun Andragora.