ZIENTZIAREN TALAIA

Oporrei buruzko hausnarketa zientifikoa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio

Jakin badakigu oporrak beharrezkoak direla, baina hori bera esaten al du zientziak? Zientziaren edozein gaitan murgildu aurretik, definizioak argitzea ezinbestekoa da: zer dira «oporrak»? Hiztegira jotzen badugu, badirudi oporrak direla langileek izaten dituzten atseden-egunak. Alabaina, definizioan bertan zalantzak sortzen dira. Lanean edo ikasten ari ez denak oporrak egin ditzake? Kontrara, lanera ez joan beharra nahikoa da esateko oporretan gaudela? Beno, galdera horiei buruzko hausnarketa zuretzat uzten dut, ene irakurle.

Gatozen harira eta jar dezagun fokua langileen oporraldian. Hain zuzen ere, zientzia-artikulu interesgarri bat ekarri nahi dut hona, Jessica de Bloomek eta haren lankideek argitaratu zutena Journal of Happiness Studies aldizkarian. Bide batez, nork ez luke aldizkari horretan argitaratzeko ikertu nahi? Ea, aipatzen dizuedan ikerketa-lana 2013koa bada ere, ondorioen gaurkotasuna eztabaidaezina da. Burura ekartzen ditu, era berean, William Howard Taft politikariaren hitzak. Ziur aski izena ez da zuretzat oso ezaguna izango, baina Taft AEBko presidente izan zen 1909tik 1913ra, eta alderdi errepublikanokoa zen, bide batez. The New York Times egunkarian honako hauxe idatzi zuen: langile batek hiru hilabeteko oporraldia izan beharko luke oporretatik energia eta eraginkortasun egokiarekin itzultzeko. Bai horixe, Taft jauna. Ez naiz ni izaten AEBko presidente errepublikanoen hitzak hemen goraipatzen dituena, baina bejondeizula William. Bada, hari horretatik tiraka, De Bloomeen ikerlanaren galdera horixe izan zen: zenbat opor-egun behar dira «energia eta eraginkortasun egokiarekin» itzultzeko? Galdera zaila eta ikerketa konplexua, baina ikertzaileek lanari ekin zioten. Aurrekariei helduz, 2013rako ezaguna zen oporraldia bizitzarekiko gogobetetze-maila altuagoekin lotzen dela, aldarte hobearekin eta osasun-arazo gutxiagorekin, besteak beste. Hala eta guztiz ere, efektu hori lanera itzultzean nahiko azkar deusezta daitekeela ere ezaguna zen.

Ikertzaileek hainbat boluntario aztertu zituzten, eta osasuna eta ongizatea neurtzeko galdetegia prestatu zuten. Ikergai garrantzitsua izan zen oporren kalitatea; izan ere, badirudi opor-motak eragina duela deskonexio-mailan. Kalitate horretan, egindako jarduerak, hartutako atsedena eta bestelako faktoreak hartu zituzten kontuan. Irakurtzen ari zaren artikulu honetan zaila litzateke De Bloomen lana xehatzea, beraz, puntu garrantzitsuenak bakarrik azpimarratuko dizkizut. Dena den, lanak ekarpen interesgarriak egiten ditu, eta sakontasun handiagoz irakur ditzakezu EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean Oporrak behar dituzu? Lasai, zientziak ulertzen zaitu izenburupean argitaratu nuen artikulu-sortan.

«Puntuazio handiena oporraldian zehar lortzen zen, zehazki zortzigarren opor-egunaren bueltan»

Ondorio garrantzitsuenen artean, honakoa: ikertzaileek osasun eta ongizate orokorraren balioaren eboluzioa grafikoki irudikatu zuten, eta emaitza bitxiak lortu zituzten. Ikusi zutenez, lortutako puntuazioa antzekoa zen oporren aurretik eta lanera itzuli ondoren. Puntuazio handiena oporraldian zehar lortzen zen, zehazki zortzigarren opor-egunaren bueltan. Nolabait, oporrak hasi eta egun batzuk pasatzea beharrezkoa da ongizate-maila handiena lortzeko. Horrexegatik, ikertzaileek gutxienez zortzi eguneko oporraldiak egitea proposatzen dute. Ikertzaileek oporraldiaren gozatze handienarekin lotzen diren beste zenbait faktore ere aurkitu zituzten, besteak beste «ezer ez egitea» ere onuragarria dela ikusi zuten. Dena den, badirudi lanera itzuli eta epe laburrean ongizatea berriro aurreko egoerara itzultzen dela, baina tira, behintzat esango dugu horrela ongizateak ez duela behera egiten...

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!