Ikerketaren emaitzak PNAS zientzia-aldizkarian argitaratu zituzten. Paul K. Piff buru duen taldeak zazpi azterketa egin zituen, eta klase sozial desberdinetako pertsonen jokabidea aztertu zuten. Emaitzek inor harritu ote zuten? Xehetu dezagun ikerketak zer hartu zuen kontuan eta zein izan zen ondorioa.
Hasiera batean, ikertzaileek bi azalpen proposatu zituzten. Alde batetik, gizarte-maila baxuko pertsonak egoera zaurgarrian daude eta, beraz, pentsa daiteke baliabideen urritasunak eta egoera ziurgabeak tranpatiak izatera edo iruzur egitera bultza ditzakeela. Nolabait, legea urratzeko joera handiagoa izan dezaketela pentsa daiteke, horrek abantailaren bat ekar dezakeelakoan. Beste alde batetik, bigarren azalpenak kontrakoa dio, alegia, baliabide asko, askatasun handiagoa eta besteekiko independentzia handiagoa duenak joera handiagoa duela zalantza etikoak sortzen dituen jokabide sozialak izateko. Egiari zor, behaketa historikoek bigarren azalpenaren alde egiten dute. Nolanahi ere, Piff eta haren lankideek ikerketa abiatu zuten honako galdera erantzuteko: «Klase sozialak zehazten al du etikoak ez diren jokabideekiko zaletasuna?».
Lehen bi azterketak kotxea gidatzeko ezaugarriekin lotu zituzten. Lehen azterketan, ikertzaileek errepideko bidegurutze bat aztertu zuten eta modu desegokian nork gurutzatzen zuen behatu zuten. Bigarren azterketan, aldiz, zebra-bide bat behatu zuten, eta ibilgailuen oinezkoekiko jokabidea aztertu zuten. Bi kasuetan argi eta garbi ikusi zuten gama altuko autoek probabilitate handiagoz zeharkatzen zutela bidegurutzea modu desegokian eta oinezkoekiko errespetu gutxiago zutela, arau-hauste gehiago egiten baitzituzten zebra-bidean. Hirugarren azterketaren kasuan, boluntarioei zortzi egoera aurkeztu zizkieten, eta haiekiko adostasuna adierazi behar zuten. Egoera guztietan etikoki zuzena ez zen ekintza bat egiten zuen aktore batek eta horrekiko atxikimendua adierazi behar zuten. Klase sozial altuko kideek probabilitate handiagoarekin egiten zuten bat jokabide makur horiekin klase sozial baxukoek baino. Laugarren azterketan ikertzaileek tranpa txiki bat egin zuten: boluntarioek galdetegi bat bete behar zuten, eta amaieran goxokiz beteriko ontzi bat atera zuten. Esan zietenez, goxokiak ondoko gelan esperimentuak egiten ari ziren umeentzat ziren, baina baten bat har zezaketen. Amaieran, boluntarioei galdetu zieten ea zenbat goxoki hartu zituzten ontzitik. Klase sozial altukoek umeen goxoki gehiago hartu zituzten klase sozial baxukoek baino. Harritzekoa? Ez dut uste.
«Etikoak ez diren jokabideak, bereziki norberaren onura dakartzatenak, gizartearen beraren dinamika saihestezinen parte dira»
Hurrengo hiru azterketetan diruzalekerian jarri zuten fokua, eta modu desberdinetan arakatu zuten parte-hartzaileen jokabidea. Fitxa faltsuekin negoziatzen jarri zituzten, tranpa egiteko aukera zuen joku baten aurrean jarri zituzten eta haien diru-gosea neurtzen ahalegindu ziren. Azterketaz azterketa, klase sozial altukoak ziren beti irabazleak: diruzalekeria handiagoa zuten, jokoan maizago egiten zuten tranpa eta diru-gosez jokatzen zuten proposatutako esparruetan. Ikertzaileen ondorioa argia izan zen: etikoak ez diren jokabideak, bereziki norberaren onura dakartzatenak, gizartearen beraren dinamika saihestezinen parte dira. Horiek dira, gainera, klase sozialen arteko arrakala ekonomikoa iraunarazten dutenak. Horra, bada, zientziaren erantzuna...