ZIENTZIAREN TALAIA

Zebrak, zuriak ala beltzak?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2025eko azaroaren 24a

Zientziaren oinarria inguratzen gaituenari buruzko galderak egitea da. Metodo zientifikoa, alegia, zientziaren funtsa den prozedura, agerikoa den lehen pauso batekin hasten da: behatzea eta behatzen denari buruzko galderak egitea.

Milaka urtetan zehar, zientzialariak zeruari begira jarri dira, eta bizitzako galdera transzendentalenak egin dizkiote haien buruari. Lur planetatik harago bizitzarik ba al dago? Unibertsoa hedatzen ari al da? Noiz jaitsi behar da komuneko tapa, ponpa tira aurretik edo ondoren? Zebrak zergatik dira marradunak? Eta zer dira, zuriak marra beltzekin edo beltzak marra zuriekin?

Zientziaren bideak ezin asmatuzkoak dira eta galdera guztiei erantzuna ematea, agian, ez da posible. Erlijioa bezala, zientzia ere fedean oinarritzen da. Pedro Miguel Etxenikek dioen modura, guztia ulertu daitekeela pentsatzeko fedean oinarritzen da zientzia. Hala ere, hori horrela den ere ez dakigu, hau da, agian guztiari azalpen bat ematea ezinezkoa da. Batek daki. Bien bitartean, urtero, irailaren bueltan, galderarik zoroenak erantzuten ahalegindu diren ikerketak saritzen dituzte Ig Nobel sarietan. 2025. urtean ere, Bostongo Unibertsitatean egindako ekitaldian eman dituzte aurtengo sariak. Lehenik eta behin azaldu behar da sari hauek broma eta adarjotze artean ematen diren arren, zinez serioak diren ikerketak saritzen dituztela. Kontua da, ikerketa horietan planteatutako galderak ez direla, nolabait, zientziaren seriotasunaren kortse estuan sartzen direnak. Errusiar mendietan ibiltzea onuragarria izan al daiteke giltzurrunetako harriak apurtzeko? Mozkortuta dauden saguzarrek ondo egiten al dute hegan? Albo-ondorio kaltegarriak dituzten sendagaiak eraginkorrak izan al daitezke? Basahatearen nekrofilia homosexuala zertan oinarritzen da? Beno, horrelakoak izaten dira saritutako ikerketek aztertzen dituzten esparruak. 2025eko saridunen artean batek nire interesa piztu du: zebrak zergatik dira marradunak? Eta lasai, ene irakurle, laster esango dizut-eta zuriak ala beltzak diren, baina hori beste kontu bat da.

 

«Beraz, ondorioztatu zuten marrak intsektuen kontrako defentsa-mekanismoak direla»

Bada, beti pentsatu izan dut zebrak marradunak direla harrapakarietatik ezkutatzeko, baina egia esanda eta ondo pentsatuta, ez nuke esango zebra marradun bat ikustea zaila denik sabanako paisaia marroietan. Tomoki Kojima eta haren lankideek ikerketa-lanak abiatu zituzten eta, horrela, hainba behi marrekin margotu zituzten, zebren gisara. Ondoren, intsektuen ziztada kopurua aztertu zuten behi marradunetan eta margotu gabeko behietan. Ikusi zutenez, zebren gisara margotutako behien ziztada kopurua % 50 txikiagoa zen. Beraz, ondorioztatu zuten marrak intsektuen kontrako defentsa-mekanismoak direla. Agian ez horretarako bakarrik, baina intsektuen ziztadak saihestea zebrak marradunak izatearen arrazoi nagusia izan daiteke.

Eta orain bai. Zer dio zientziak zebren koloreari buruz? Bada, hasiera batean badirudi zebrak zuriak direla, baina zientziaren arabera, zebrak beltzak dira eta marra zuriak dituzte. Zebraren ilaje guztia melanozitoak dituzten folikuluetan sortzen da. Zelula horiek animalion azalaren eta ilearen kolorearen erantzuleak dira; izan ere, bertan dauden melanozitoek melanina pigmentua ekoizten dute eta hori da kanpotik ikusten den kolorea. Zebren kasuan, marra zuriak melanina gabeziak sortzen ditu, beraz, ez da haien pigmentu propioa. Zebra bati bizarra moztuko bagenio, animalia beltza dela ikusiko genuke. Honi buruz sakonago idatzi nuen EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean, bertara jo dezakezu argibide gehiago nahi badituzu. Dena den, ezinbestekoa iruditu zait Zientziaren Talaia honetara ere galdera transzendetal hauen erantzuna ekartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!