Nire arloan, hezkuntzan, eztabaida asko sortu dira ChatGPTren erabilerarekin lotuta, nagusiki ikasleek txatbota erabiltzeko izan dezaketen tentazioa handia baita. Klik batean etxerako lan guztiak eginda izatea? Ulertuko duzun bezala, ene irakurle, tentaldira joatea erraza da. Jakina, hemen ez da inor libratzen eta irakasleongan ere badago arriskua. Hain zuzen ere, ikasleen lan idatzi eta azterketa mordo horiek zuzentzeko modu azkarra izan daiteke. Era berean, jada garatu dira ikasturte amaieran tutoreek idatzi beharreko ikasleen txostenak eta ikasturteko memoriak adimen artifizialaren bidez egiteko moduak. Iritsiko ote da eguna, zeinetan ikasleek adimen artifizialaren bidez egingo dituzten lanak, eta irakasleek ere automatikoki zuzenduko dituzten?
Galdera horiek alde batera utzita, gatozen harira. Adimen artifiziala gure bizitzako esparru askotan erabili daiteke eta pixkanaka geroz eta arlo gehiagotan erabiltzen da. Duela gutxi entzun dugun berria izan da, esaterako, ustelkeriaren aurkako neurri gisa Albaniako Gobernuak adimen artifizialak sortutako ministroa izendatu duela. Bitxikeria horietaz aparte, argi dago adimen artifizialak onura ugari dituela modu egokian erabiltzen bada, eta orain arte eskuz egin izan ditugun hainbat zeregin automatizatzeko aukera ematen duela. Dena den, gure garunak egiten dituen lanak kanporatu —azpikontratatu, nolabait— egiten baditugu, ez ote du honek arriskurik ekarriko? Eta arlo kognitiboaz bakarrik ari naiz, kasu honetan.
Oraindik oso goiz da horrelako galderak erantzuteko; izan ere, adimen artifiziala, eta zehazki txatbotak, duela gutxi erabiltzen hasi gara modu masiboan. Dena den, lehen zantzu batzuk badaude eta jada argitaratu dira zenbait lan gai honi buruz. Oraindik ez dira ikerketa sendoak, ezta ugariak ere, baina pixkanaka zenbait gakoren berri ematen dute. Ameriketako Estatu Batuetako MIT unibertsitate entzutetsuko ikertzaile talde batek Your brain on ChatGPT —zure garuna ChatGPTn— izenburudun lana kaleratu du eta bertan zenbait ondorio plazaratu dituzte. Egindako ikerketaren arabera, ChatGPT sarri erabiltzen duten parte-hartzaileen % 83 ez dira gai idatzitako lanen aipamenak modu egokian egiteko. Txatbota erabiltzen ez dutenen kasuan, aldiz, % 11ra jaisten da ehuneko hori. Nolabait, ChatGPT erabiltzen dutenek lan mentala adimen artifizialaren esku uzten dutenez, ikaskuntza ez da memorian gordeta gelditzen eta ez dira gai sakontasunez hitz egiteko. Garuneko neuronen konektibitatea aztertuta, lehen taldeak —ChatGPT erabiltzaileenak— 42 puntu lortu ditu eta bigarrenak, aldiz, 79 puntu. Emaitza horiekin eta egindako beste analisiekin, ikertzaileek diote adimen artifizialera ohituta dauden parte-hartzaileek zenbait zereginetan atrofia kognitiboa erakutsi dutela.
«Ikertzaileek diote adimen artifizialera ohituta dauden parte-hartzaileek zenbait zereginetan atrofia kognitiboa erakutsi dutela»
Esan bezala, aipatutakoa ikerketa bakarra da eta, hortaz, oraindik goiz da nire izenburuari galdera ikurra kentzeko, baina agian onartu beharko dugun zerbait da. Lehenago ere Google-ren erabilerak ergelago egingo gintuela esaten zen eta, lehenago, kalkulagailuen erabilerak horixe egingo zuela. Egia esanda, oraindik ezin da baztertu geroz eta ergelagoak bihurtzen ari garela...