ZIENTZIAREN TALAIA

Glaziarren Kontserbaziorako Nazioarteko Urtea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio

NBE Nazio Batuen Erakundeak Glaziarren Kontserbaziorako Nazioarteko Urtea izendatu du 2025a. Era berean, Glaziarren Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 21a, aurrerantzean urtero ospatuko dena. Glaziarren Kontserbaziorako Nazioarteko Urtearen lelopean antolatutako ekintzen jarraipena Un-glaciers.org webgunean egin daiteke. Honen guztiaren helburua glaziarrei buruzko informazioa gizarteratzea da, baina ez hori bakarrik, baita glaziarren garrantzia azpimarratzea eta haien egoeraren berri ematea ere.

Aspalditik dakigu glaziarrak degradatzen eta desagertzen ari direla. Azkarrago edo motelago, baina atzerakada nabarmena da munduko edozein puntutan. Aurreikuspenek diote galera areagotu egingo dela, eta zalantzan dagoena da abiadura hori zenbaterainokoa izango den. Erregistroak daudenetik, 2023. urtean lehen aldiz munduko eskualde glaziar guztiek izotz masa galdu zuten. NBEren menpeko den Unesco erakundearen arabera, 2050. urterako egungo glaziarren herena desagertu egingo da. Gertuen ditugun glaziarrak arrisku larrian daude, gainera. Aipatzekoa da Pirinioetako Monte Perdido glaziarra (Huesca): ikertzaileek jotzen dute 50 urte barru erabat urtuta egongo dela. Aneto glaziarrari buruz ere antzeko zerbait esan daiteke, baina, kasu horretan 10 urte barru glaziar izateari utziko diola kalkulatu da.

Zer da, baina, glaziar bat? Bada, glaziarrak izotz masa mugikor handiak dira, izotz eta elur pilaketaren eraginez sortzen direnak. Glaziarrak oreka baten emaitza dira: neguan elurra metatzen da eta udan urtu egiten da. Metaketa handiagoa bada urtzea baino, glaziarra handitu egiten da. Alderantzizkoa gertatzen denean, glaziarrak pixkanaka azalera eta lodiera galtzen du. Glaziarrak grabitatearen menpe mugitzen dira, astiro, eta harrien kontrako marruskadurek paisaia bereziak sortzen dituzte: glaziar haranak. Oro har, glaziarrek sortutako haranek U itxura izaten dute eta ibaiek sortutakoek, aldiz, V itxura. Kasu batzuetan glaziarrak itsasoan amaitzen dira: horren adibide ezagunena, ziur asko, Argentinako Patagonian dagoen Perito Moreno glaziarra da. Etxetik gertuen ditugunak, aldiz, Pirinioetako glaziarrak dira. Glaziarren garrantziaren kontziente izateko, jakin behar dugu munduko ur gezaren %70 baino gehiago glaziarretan metatzen dela.

«Glaziarrak oreka baten emaitza dira: neguan elurra metatzen da eta udan urtu egiten da»

Berotzearen eraginez izotz mantu kontinentalak ere urtzen ari dira, baina, mendiko glaziarren urtzea da azkarren gertatzen ari dena. Atzera-bueltarik gabeko puntuan daude gehienak; izan ere, tenperaturaren gorakadak historian zehar arruntak izan diren arren, 1950. urtetik hona gertatutako igoera ez da sekula lehenago ikusi. Horren adibide argia da bolumenean handiena den Europako glaziarraren kasua: Islandian dagoen Vatnajökull glaziarrarena, hain zuzen ere. Glaziarrak 8.500 kilometro koadro zituen 1850. urtean, baina, gaur egun 7.700 kilometro koadro ditu. Azalera izugarria den arren, kontuan hartu behar dugu ia %10eko galera izan duela. Islandiako glaziarren kasuan, bi mende barru guztiak desagertuko direla jotzen da, baina, azken hamarkadetan izan duten atzerakada bistakoa eta nabarmena da.

2019. urtean, Islandian lehen aldiz glaziar bat desagertu zen. Hura zegoen lekuan plaka bat jarri zuten. Plaka hori bi mende barru irakurriko duten biztanleei zuzenduta dago. Bertan irakur daitekeenez, jakin badakigu zer gertatzen ari den eta zer egin behar dugun. Irakurtzen dutenek ingurura begiratzea nahikoa izango dute zer egin genuen jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!