Giulia Tofanaren ur mirarigilea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2025ko urt. 13a, 07:57

XVIII. eta XIX. mendeetan benetako izua zuten askok pozoiek sortzen zituzten hilketengatik. Gaur egun toxikologiak eskaintzen dituen tresnak amestu ere ez zituzten egiten eta autopsiak ere ez ziren orain egiten direnak, jakina. Mozart musikari ospetsuak hil aurretik esan zuen norbait bera pozoitzen ari zela... Ziurrenik ez dugu inoiz jakingo Mozarti zer gertatu zitzaion, baina musikari ospetsuak bere azken hatsetan aipatutako pozoia hain ospetsua ez den emakume bati zor diogu: Giulia Tofana.

Antza denez, XVII. mendearen erditik aurrera Acqua Tofana izeneko pozoia egon omen zen. Zurrumurruek eta kondairek diotenez, pozoia Giulia Tofana emakume siziliarrak asmatu zuen eta beste emakume batzuen sareak lagunduta, pozoia saltzen zuen ezkonduta zeuden emakumeei laguntzeko. Laguntza burutsua zen: haien senarrak hiltzea. Kontuan hartu behar dugu maitasunagatik ezkontzea ideia nahiko modernoa dela. 1650. urtearen bueltan, ezkontza asko eta asko interes hutsagatik egiten ziren eta interes-truke horretan emakumeak ziren kaltetuak, are gehiago klase baxukoak zirenak. Gehienak behartuta ezkontzen ziren eta bizitza guztian zehar tratu txarrak eta indarkeria jasotzera kondenatuta zeuden. Aldiz, badirudi alargunak begirunez tratatzen zirela eta, gutxienez, lasai bizitzeko eskubidea zutela.

 

«Pozoia Giulia Tofana emakume siziliarrak asmatu zuen eta beste emakume batzuen sareak lagunduta, pozoia saltzen zuen ezkonduta zeuden emakumeei laguntzeko»

 

Giulia Tofanak asmatutako pozoia elikagaiekin eta edariekin erraz nahasten zen eta garai hartako ohiko gaixotasunen antzeko sintomak ematen zituen. Pozoiketa pixkanaka egiten zenez -astez aste dosi txikiak emanez-, kasu askotan inongo susmorik gabe hiltzen zituzten senarrak. Beti ez zen horrela gertatzen eta kasu batzuetan emazte susmagarriak urkatu zituzten. Badirudi Giulia Tofana bera ere Erroman harrapatu eta urkatu zutela. Diotenez, 600 senar baino gehiagoren pozoiketan zerikusia izan zuen. Heroia edo pozoitzailea, agian biak, argi dagoena da Giulia Tofanaren historiak badituela historiak utzi dituen zenbait ziurgabetasun. Tofanak Girolama Spana-rekin lan egiten zuela dirudi, baina ez dago argi ahizpak edo ama-alabak ote ziren. Haien aurretik ere izan omen ziren beste pozoitzale batzuk. Acqua Tofanaren lehen aipamena 1632. urtearen ingurukoa da, Francesca la Sarda eta Teofania di Adamo haien senarrak pozoitzeagatik urkatu zituztenean. Antza denez haietako batek asmatu zuen pozoia, ez Giuliak, eta haien jarraitzaileek pozoia egiten eta saltzen jarraitu zuten Erroman. Jarraitzaile horien artean aipatzen da Giulia Tofana, baina ez dago argi zein zeren bere harremana Francesca eta Teofaniarekin. Kasu batzuetan istorioak dio Teofania di Adamoren alaba izan zitekeela. Tofana 1651. urtean hil omen zen eta hemen ere zalantzak sortzen dira. Batzuk diote harrapatu egin zutela pozoia saldu zion emakume batek salatu zuenean. Beste adituen arabera, aldiz, ez zuten inoiz harrapatu eta lasai ederrean hil zen. Edozein kasutan, Tofana hil ondoren bere jarraitzaileek pozoia saltzen jarraitu zuten eta beste herrietara ere zabaldu zen. Napoliraino iritsi omen zen eta bertan Acqua di Napoli izenarekin ezagutzen zen.

Pozoiari dagokionez, ez dago argi zein zen haren oinarri kimikoa, baina litekeena da artsenikoz osatuta egotea. Artsenikoaz gainera, antimonioa, beruna eta, agian, merkurio kloruroa izan zitzakeela uste da. Ezinezkoa da jakitea benetan zenbat emakumek erabili zuten Tofanaren pozoia; izan ere, garai hartan auzitegi-zientziarik ez zegoen, jakina, eta kasu askotan ohiko gaixotasunen sintomekin nahasten ziren pozoiketak. Artsenikoa, hain zuzen ere, pozoi ia perfektua zen: zapore eta usain gabea da eta erraz lor zitekeen. Giulia Tofanak kosmetikoen poteetan saltzen zuen bere pozoia Manna di san Nicola di Bari etiketa jarrita. Garai hartan Nikolas santuaren hilobiko urak edertasunezko mirariak egiten omen zituen eta horrexegatik, pozoiaren potea erraz gorde zitekeen gainontzeko produktu kosmetikoekin batera. Ondo pentsatuta, ziurrenik Acqua Tofanarenak San Nikolasen mirariak baino hobeak izan ziren emakume askorentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!