ZIENTZIAREN TALAIA

Ez gara Gengis Khanen oinordekoak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2024ko ira. 23a, 07:57

Esan izan dugu zientziaren helburuetako bat Natura eta bizi garen mundua hobeto ulertzea dela. Hala ere, sarritan ikerketa zientifikoek nahastea sortzen dute, edo uste okerrak. Metodo zientifikotik urruti dauden prozedurak jarraitu direlako, edo une horretan eskuragarri zeuden tresnekin informazio guztia ezagutzea ezinezkoa zelako, ez dugu ahaztu behar «ikerketa baten emaitzak dio» esaldiaren ostean zuzena ez den zerbait etor daitekeela.

Horrelako zerbait gertatu zen Gengis Khanekin. Nahiko zabalduta egon da pentsatzea Europako, eta munduko, milioika lagunek Gengis Khan buruzagi mongoliarraren geneak dituztela. Historia ondo doitzen zitzaion istorioari. Informazio zehatzik ez daukagun arren, Gengis Khan 1160. urtearen bueltan jaio omen zen. Hainbat gerra egin ostean, inperio mongoliarra sortu zuen, gizateriaren historian egon den inperiorik handiena (britainiar inperioak azalera handiagoa zuen, baina, sakabanatutako lur-eremuak ziren, ez lurralde bakarra). Gengis Khanek bere ohiko emaztearekin bederatzi seme-alaba izan zituen arren, mongoliarrak poligamoak ziren eta, antza, Gengis Khanek ehundaka edo milaka ondorengo izan zituela pentsatzen da.

Hori abiapuntu harturik, 2003. urtean Tatiana Zerjal Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak eta bere lankideek The Genetic Legacy of the Mongols ikerketa-lana argitaratu zuten. Bertan aipatzen zenez, egindako ikerketa genetikoek adierazten zuten egungo populazioaren (2003. urtekoa, kasu honetan) %0,5 inguruk Gengis Khanen material genetikoa zuela. Beste modu batera esanda, 16 milioi lagunek arbaso komuna zutela kalkulatu zen, Gengis Khanen oinordekoak zirela, hain zuzen ere. 

 

«Beste modu batera esanda, 16 milioi lagunek arbaso komuna zutela kalkulatu zen, Gengis Khanen oinordekoak zirela»

 

Buruzagi mongoliarraren hilobia edo gorpua ez da aurkitu, beraz, egungo populazioaren aztarna genetikoa aztertuz bakarrik lor daiteke informazio zehatza. Zerjal eta bere lankideek Asiako eskualde bateko 2.000 gizon aztertu zituzten eta munduko beste eskualdeetako DNArekin alderatuta, konturatu ziren bertan bazegoela haplotipo (aldaera genomikoen konbinazio) berezi bat, eta zoriak ezin zuela aldaera horren errepikakortasuna azaldu. Hortaz, eta haplotipoa Y kromosoman zegoenez, guztiek arbaso komuna izan behar zuten aiten aldetik. Arbaso komunak 1.000 urte inguru izan behar zituela kalkulatu zutenez, Gengis Khan izan zen hautagai egokiena. Gauzak horrela, hainbat saiakera egin zituzten Gengis Khanen hilobia topatzeko eta gorpua aurkitzeko. Saiakera guztiek huts egin zuten, ordea. Edozein kasutan, ikerketa-lanaren emaitzak bolo-bolo ibili ziren eta ziur, irakurle, agian zuk ere pentsatu duzula noizbait Gengis Khan zure zuhaitz genealogikoan egon zitekeela.

Hala ere, zientziaren bideak ezin asmatuzkoak dira eta, horrela, mitoak 2018. urtera arte tinko jarraitu zuen. Alabaina, ikerketa sakonagoa egin zen, kasu honetan 18.000 lagunen informazio genetikoa aztertu zelarik... eta, hara! Lagin adierazgarriagoa erabiltzean, ikertzaileak konturatu ziren arbaso komunak ez zituela 1.000 urte, gutxienez 2.600 urte baizik. Honek hankaz gora jarri zuen Gengis Khanen milioika ondorengoen ustea. Haplotipo komuna askoz ere lehenagokoa izanik, badirudi Asiatik Europara zihoan Zetaren Bidea izan zela informazio genetikoaren trukaketa mantsoaren eta haplotipo zehatz horren zabalkundearen erantzulea, urteen poderioz. Hau ez da Gengis Khanen ondorengoa izatea bezain epikoa, baina, ziurrenik horrela izan zen. Momentuz dakigunaren arabera, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!