Populazioaren araberako proportzioa mantenduz, Tolosaldean urtero hogei pertsona hiltzen direla esan nahiko luke. Horretan oinarrituta, Bruselak aire kalitatearen mugak berrikusten eta zorrozten ari da, baina, momentuz ez dira iritsiko OME-k —Osasunaren Munduko Erakundeak— gomendatzen dituen mugetara.
Populazioaren araberako proportzioan mantenduz, Tolosaldean urtero hogei pertsona hiltzen direla esan nahiko luke
Airearen kutsadurak, oro har, bi eragin nagusi ditu: alde batetik, eragina du klima-aldaketan eta, bestetik, giza-osasunean eragin argia du. Klima-aldaketak eragiten dituen ondorioetan sartu gabe —agian oso urrutikoak ikusten direnak—, azpimarratu behar da airearen kalitate txarra gaixotasun zehatz askorekin lotuta dagoela. Baina, ez hori bakarrik; izan ere, airearen kutsadurak hilkortasun orokorra handitzen duela gauza jakina da. Alegia, ongizate orokorrari modu orokorrean eragiten dio.
Zeintzuk dira, baina, airearen kutsatzaile nagusienak? Eman diezaiogun gaiari errepasoa kimikaren ikuspuntutik. Lehenik eta behin, esan behar da airearen kutsatzaile nagusienak sei direla. Lehena materia partikulatua da —PM edo Particulate Matter delakoa—. Kutsatzaile hau oso arriskutsua da eta airean esekita dauden partikula txikiek osatzen dute. Tamainaren arabera PM mota desberdinak bereizten dira eta, zenbat eta txikiagoak izan are arriskutsuagoak dira. Bigarren kutsatzailea lurzoru mailako ozonoa da, alegia, ozono troposferikoa. Agian ezustekoa da hori aipatzea, baina, aipatu behar da ozonoa lurzoru mailan egotea arriskutsua dela, toxikoa baita —animalia zein landareentzat—. Hirugarren postuan karbono monoxidoa dago, nagusiki ikatzaren eta petrolioaren errekuntza partzialaren kausaz sortzen dena. Karbono monoxidoak ere eragin kaltegarria du osasunean eta nagusiki trafikoarekin lotzen da. Nitrogenoaren oxidoak, NOx delakoak, beste kutsatzaile nagusiak dira eta hauek ere trafikoarekin lotzen dira. Bosgarren lekuan sufrearen oxidoak ditugu, SOx izenekoak. Nagusiki industriarekin eta erregai fosilen errekuntzarekin lotzen dira. Kutsatzaile nagusienen zerrenda itxiz, metal astunak daude, bereziki beruna. Beruna baterietan, industrian, motorretan eta hondakinen errekuntzan aurki daiteke eta kalte garrantzitsuak sortzen ditu ingurunean.
Kutsatzaile horiek kontrola egitea da airearen kutsadurari aurre egiteko lehen pausoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan bertan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak herritarron eskura ditu airearen kalitatea neurtzen duen sarearen datuak. Estazio horietan aipatutako kutsatzaile gehienak neurtzen dira eta neurtutako datuak herritarrontzat eskuragarri daude sarean —Euskadi.eus webgunean Airearen kalitateari dagokion atalean, eguneko datuak lor daitezke denbora errealean—. Esaterako, bertan ikus dezakegu maiatzaren 20tik 26rako astean Tolosako estazioak asteartean neurtu zuela PM10 partikulen bataz-bestekoaren pikoa eta balio hori 13 µg/m3 izatera iritsi zela. Trafikoaren eraginaz jabetzeko beste datu bat: astelehenean 06:00etan PM10en balioa 64 µg/m3 izatera iritsi zen. Ezarritako gomendioen arabera, 50 µg/m3 balioa urtean 35 alditan baino gehiagotan gainditzea arriskutsutzat jotzen da.
Ene irakurle, emaiozu begirada azkar bat aipatutako webguneari, bertan eskura baitituzu herriko airearen kalitatearen datuak. Datu horien irakurketak hainbat ondorio dakartza eta tokian tokiko airearen kutsadura zein den ezagutzeko aukera ematen du. Azken batean, Bruselan hartzen diren erabakiak urruti badaude ere, norberaren herriko airearen kalitatea ezagutzea klik batera dago.